
Bakearen Arbolak agurtzeko egindako ekitaldia
Iaz Gernika-Lumoko Gesto por la Paz-Bakearen Arbolaren ibilbidea amaitutzat eman zuten taldeko kideek. Hala, Batzorde likidatzailea eratu zuen taldeak, azken betebeharrak zehaztuz. Eginkizun horietako bat da taldeko material guztiagaz liburu bat kaleratzea, eta berori argitaratzeko laguntza bila ari dira bertokoak.
Taldeko kideek ohar bidez jakinarazi dutenez, diru laguntza eskatu diote udalari, baina Kultur Etxea Fundazioaren ezezkoa jaso dute. “Siku eta labur ezezkoa eman du udalak”.
“Beste hainbatetan herriko taldeek egin duten bezala”, Bakearen Arbolak ere udaletxearen laguntza eskatu zuela nabarmendu dute taldeko kideek. Diotenez, 2013ko abenduan egin zuten eskaera lehenengo aldiz, eta 2014ari itxaroteko eskatu zieten udal ordezkariek.
Aurten, baina, ezezkoa jaso dute berriro, proiektua ez baita bideragarria ekonomikoki. Hala, momentuz, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso dute bakarrik. “Prest agertu gara laguntza modu desberdinak kudeatzeko, baina alperrik izan da”.
Hori dela eta, liburua kaleratzeko laguntza kanpaina bat jarri du martxan Bakearen Arbolak, herritarren artean. “Herritarren, kolaboratzaileen eta taldeko kideen laguntzagaz beharrezko dirua batu nahi dugu”.
Interesatuek Kutxabank-eko kontu korronte batean sartu behar dute dirua, taldeagaz harremanetan jarri ostean.
Udalaren ezetza dela eta, bestalde, liburuaren argitalpena apur bat atzeratuko dela esan du Bakearen Arbolak. Hala ere, ekaina baino lehenago kaleratu nahi dute.