Bermeoko Udalak eta Berton Bermeoko txiki-erdi enpresen elkarteak martxan jarritako
Bermeo bizi, berton erosi kanpainaren baitan, maiatzeko zapatu guztietan 10:00etatik 15:00etara kalean jarriko dituzte herriko merkatariek beraien produktuak salgai. Hartara, “dendak herritarrengana hurbilduko dira, produktuak beraien eskura jarriz eta giro polita sortuz herriko kaleetan”. Kanpaina horren bitartez, gainera, Bermeoko denda askotan erosketak egiten dituztenek zenbait zozketetan parte hartzeko aukera izango dute hileon.

Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko Turismo eta Merkataritza zinegotzia eta Berton elkarteko kideak
Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotziak azaldu duenez, Bermeoko merkatariek “eskaintza zabala eta kalitatezkoa dute, eta, horrez gain, bezeroenganako harreman hurbila dute”, eta, horregatik, sustatu beharra dagoela deritzo. Halaber, aipatu kanpainarekin herria “bizirik egotea eta giro polita mantentzea” lortuko dutela uste du. Hala, Bermeon komertzio txikia “ezinbestekoa” dela iritzita, Bermeoko Udala eta Berton herriko komertzioa indartzeko elkarlanean dabiltzala azpimarratu du.
Zozketetan parte harzteko aukera
Kanpaina martxan izango den hileon, beraz, Bertoneko dendetan erosten duenak txartel batzuk jasoko ditu eta horiek zigilatuko dizkiete erosketak egiten dituzten bakoitzean; hala, bost zigilu jasota, Bermeoko Berhaz bulegoan, udal liburutegian zein kultur etxean izango diren kutxetan laga beharko dituzte txartelok. Hori eginda, maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran egingo dituzten zozketan parte hartuko dute. 500 euroko sari bakarra jasotzeko aukera izango dute Bertoneko dendetan gastatzeko, baina, horrez gain, deskontuak eta bestelako sariak ere zozkatuko dituzte.
Gauzak horrela, herritarrei zein kanpotik datozenei Bermeon erosteko deia egin diete Ormaetxeak eta Bertoneko kideek. Kanpainaren berri jaso nahi duenak informazioa jaso ahalko du
www.bermeokoudala.net edota
www.facebook/BermeokoUdala webguneetan.