
Juan Aranoaren (1901-1973) ‘Gernika’ (1972) mihise gaineko olio-pintura, 185 x 243 zentrimetrokoa
Pablo Picassok bonbardaketan oinarrituta egindako margolana da Gernikak pairatutako ankerkeriaren adierazpide artistiko ezagunena, baina, garaikideak izan ala sasoi hartakoak, asko eta asko izan dira Francisco Francoren aginduz Alemaniako Condor Legioko hegazkinek eragindako suntsipena era batera edo bestera islatu duten artistak.
Erakusketa desberdinak tarteko, duela zazpi urte hasi zen Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa bonbardaketa ikuspuntu desberdinetatik gogoratzen eta ezagutarazten. Aurreko urteetan gaur egungo artistei egin izan die lekua, baina oraingoan “hondamendiaren garai berbereko artista” biren lana jarri du ikusgai Alegria jauregiko sotoan. Juan de Aranoa eta Antonio de Gezalaren zenbait lan bilduta, Aranoa eta Gezalaren Gernikak. Eresoinka kasua erakusketa aurkeztu du museoak, oraingoan ere Xabier Saenz de Gorbeak komisariatuta.
Testuinguru hartan, Eusko Jaurlaritzak Eresoinka enbaxada kulturala (1937-1939) eratu zuela ekarri du gogora Euskal Herria Museoak, eta talde horrek hainbat koadro eszenikotan bonbardaketari erreferentzia egin ziola azaldu. Antonio de Gezala (1889-1956) nahiz Juan de Aranoa (1901-1973) Eresoinkaren emanaldietarako eszenografiak egin eta jantzi figurinak marraztu zituzten artistetako bi izan ziren. Esaterako, 1972an, hil baino urtebete lehenago, Aranoak bonbardaketaren biolentzia margotu zuen, “tragedia bera disimulurik gabe” irudikatuz. “Ihesbiderik gabeko dramatismo gordinaren biluztasuna” da haren lana.
Ikusgai dauden lanak
Gernika-Lumoko museoaren laginak Antonio de Gezalak 1939an sortutako eta Bilboko Arte Ederretako Museoak utzitako
Eresoinka 8h 45 eta
Eresoinka 20h. 45 olio-pinturak bildu ditu, “inoiz ikusgai egon ez direnak”. Horiez gain, Juan de Aranoak 1972an egindako
Gernika koadroaren erreprodukzioa, Gezalak sortutako
Aker-Landa eta
Aintza’ko ereserkia eszenografien erreprodukzio bi, Aranoak
Aintza’ko ereserkia lanerako egindako sei figurinen erreprodukzioa eta
Gernika,
Aker-landa, Aintza’ko ereserkia eta
Eriotz-era obren koadro eszenikoen sinopsia daude museoko sotoan ikusgai.
Hori guztia, gainera, 11 eta 42″segundoko iraupena daukan ikus-entzunezko batekin osatu dute, Francisco Escudero maisuaren
Gernika operaren musikarekin lagunduta.
Erakusketa:
- Izenburua. Aranoa eta Guezalaren Gernikak. Eresoinka kasua.
- Non. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, irailaren 14ra arte.
- Ordutegia. Martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; Domeketan, 10:30etik 14:30era; jaiegunetan, 10:30etik 14:30era eta 16:00etatik 19:30era.
- Bisita gidatuak. Erreserbak, 94-625 54 51 telefonora deituta edo euskalherriamuseoa@bizkaia.net helbide elektronikora idatzita.
- Tarifak. Normala, 3 euro; gutxitua, 1,50; zapatuetan, doan.