Herritarrak azterketa teorikoa egiten, atzo
Busturialdeko Ur Partzuergoak atzo hasi zituen hamahiru lanpostu publiko berri betetzeko oposaketak. Partzuergoak jakinarazi duenez, guztira 500 lagunek parte hartuko dute oposaketetan. Lehen deialdia atzo egin zuten, eta gaur bigarrena egingo dute.
Atzoko deialdian, operadoreentzako eta elektromekanikako ofizialentzako azterketa teorikoa egin zuten 241 lagunek. Hurrenez hurren, 162 eta 79. Azterketa gainditzen duten pertsonek, maiatzean egingo dute azterketa praktikoa.
Gaur, bestalde, ustiapenerako erdi mailako teknikoentzako azterketa teorikoa eta praktikoa egingo dute izena eman duten pertsonek. Azterketa teorikoa gainditzea ezinbestekoa izango da azterketa praktikoa egiteko.
Lanpostu publikoen oposaketak hasita, partzuergoko zerbitzuak zuzenean kudeatzeko pausoak ematen jarraitzen du eskualde mailako erakundeak. Izan ere, bidezko ikastaroak jaso ostean, lanpostua lortzen duten lagunak datozen hilabeteetan lanean hastea espero du ur partzuergoak.