Ereñoko ikuspegia
Elexalde auzoan daude prezio babestuan eraikitako etxebizitzak. Helburua etxebizitza bat hartzeko eskubidea erraztea dela esan du udalak, batez ere gazteak kontuan hartuta. Hori horrela, etxe horiek alokairu “baxuan” eskainiko dituela esan du, eta, gainera, gerora erosteko aukerarekin. Interesa daukanak udaletxera jo beharko du.
Ereñarrek ez ezik, Busturialdeko nahiz Bizkaiko gainontzeko bizilagunek eska ditzakete etxebizitzak. Alokairuan emateko ezarritako prezioa metro koadro bakoitzeko 4,5 eurokoa dela zehaztu du. Bataz beste etxebizitzen azalera 80 metro koadrokoa izanik, alokairuaren prezioa hilean 360 eurotan legoke.
Joseba Zarragoikoetxea alkatearen berbetan, “udalaren helburua da bizirik dagoen herri aktiboa sustatzea. Ildo horretatik, prezio baxuko alokairuak ezartzea etxebizitza eskubidea errazteko neurria da, batez ere herriko gazteei laguntzeko euren bizilekua Ereñon mantentzen. Gure herriak naturaz inguratuta bizitzeko aukera ematen du, baina guztientzako zerbitzuak eskainiz”.