Suhiltzaileek hilotza erreskatatu duteneko irudia
Gaur arratsaldean gizonezko baten hilotza aurkitu dute Ajangizko Kanpantxu auzoan, Goikoerrota inguruko errekan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 80 urteko gizonezko bat da hildakoa, Kanpantxuko bizilaguna. Zantzuen arabera, ajangiztarra istripuz hil da, 2-3 metrotik emari gutxi daukan errekara erorita.
17:30ean deitu du norbanako batek larrialdi zerbitzuetara, Goikoerrota inguruko errekan hilotz bat zegoela esanez. Gernika-Lumoko udaltzainak, Ertzaintza, Gurutze Gorria eta suhiltzaileak bertaratu dira, eta azken horiek atera behar izan dute gorpua errekatik, 18:30 aldera.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, Kanpantxuko bizilaguna inguruko baserri batean bizi zen, bakarrik.