Lehenengo finalaurrekoko momentu batF
Errigoitiko Ikuilu alkarteak Busturialdeko bertso txapelketako bigarren saioa hartuko du barikuan. Saio erabakiorra izango da finalean arituko diren bertsolariak zeintzuk izango diren zehaztuko baitu lehiak. 21:00etan hasiko da afaria, ostean bertso saioa egiteko.
Jakinarazi dutenez, interesatuek izena emateko aukera dute oraindik ere. Lagun Etxea tabernan, esaterako, zenbait sarrera dauzkate. Bihar (hilaren 1a), baina, taberna zarratuta egongo dela esan dute beharginek. Hala, gaur edo bariku goizean erosi beharko dute txartela interesatuek. 616.957.773 edo 649.338.747 telefono zenbakietara deituz ere eman dezakete izena bertsozaleek. Afarirako txartelak hamabost euro balio du.
Joan den barikuan, bestalde, Busturialdeko bertsolari txapelketako lehenengo finalaurrekoa jokatu zuten, Belendizen. Antolatzaileek azaldu dutenez, giro bikainean egindako bertso saioan, Ander Elortegik lortu zuen puntuaziorik hoberena. Hala, Busturialdeko finalerako zuzeneko txartela eskuratu zuen. Hamabi puntuko aldea atera zion Jon Rementeriari.
Bigarren kanporaketan ere, bertso saioaren irabazleak lortuko du zuzeneko txartela. Gainontzeko lau finalistak, bestalde, puntuazio bidez erabakiko dira.
Aurtengo txapelketa bide onetik doala jakinarazi dute antolatzaileek. Hasiera-hasieratik pozarren daude txapelketak izan duen harreragaz. “Aspaldiko partez bi finalaurreko egin behar izan ditugu”. Hala bertso zaletasunak hazten jarraitzen duela deritzote. Txapelketa jokatzen duten hamabi bertsolarietatik, adibidez, zazpik lehen aldiz kantatu dute edo kantatuko dute.
Lehen finalaurrekoko emaitzak
- Ander Elortegi; 162,5 puntu
- Jon Rementeria;150,5 puntu
- Koldo Gezuraga;141 puntu
- Julen Ibarguengoitia; 139,5 puntu
- Roke Alberdi; 133 puntu
- Mikel Retolaza; 125,5 puntu