Aizkolarien saioa
Antolatzaileek gura baino bisitari gutxiago izan ziren joan den domekan Morgako XV. nekazal azokara joan zirenak, baina antolatzaileak pozik agertu dira, eguraldiak hitzordua errespetatu eta giro polita sortu baitzen herrian. Gainera, nabarmendu dutenez, salmentak onak izan dira aurten, iazkoak baino apur bat hobeak izan ere. Tokiko eta sasoiko produktuak, artisauenak, Ibilaldiko nahiz Gure Esku Dago dinamikaren materiala… askotarikoa izan zen Morgan egondako eskaintza.
Globo aerostatiko batean igotzeko aukera ematea zen aurtengo nobedade nagusia, baina bertan behera utzi behar izan zuten, “haizea zebilelako”. Hori bai, urtero legez, animalia exotikoen erakusketak eta falkoneria erakustaldiak arrakasta eduki zuten, batez ere, gaztetxoen arreta bereganatuz.
Aizkolarien saioa ere ondo baino hobeto joan zen. Beñat Lekuek, Igor Duñabeitiak, Aitzol Atutxak, Iñaki Azurmendi Euskal Herriko txapeldunak ordubetetik gorako saioa eskaini zuten.