Ibarrangelutarrak Armendun
Domingo Zuluaga Ibarrangeluko abade izandakoa jaio zenetik 100 urte beteko dira aurten, eta, urteurren borobilaren harira, urtean zehar haren omenezko hainbat jarduera egingo dituzte Ibarrangelun. Joan den abenduan egin zuten lehenengoa, eta egunotan ere izan da hark utzitako hutsunea eta euskara, kultura, dantza… arloan egindako ekarpena gogora ekartzeko jarduerarik. Barikuan, adibidez, Don Domingok idatzitako liburuan oinarrituta, antzinako jokoetan murgildu ziren herriko nahiz inguruko herrietako umeak. Txokor batzen, soka saltoan edo arrautzak eramaten, arratsalde pasa polita izan zuten gaztetxoenek.
Domekan egin zuten, alabaina, ekitaldi sinbolikoena. Aurreko astean, Aberri Egunagaz bat eginez, ikurrina ipini zuten Armenduko gurutzearen puntan, eta zapatu honetan ume, gazte zein heldu bildu ziren tontorrean, Don Domingoren liburuan azaltzen dena egiaztatu nahian. Ibarrangelutarrek azaldu dutenez, 1953an berriztu egin zuten Armenduko gurutzea, herritarren ekarpenei esker berriztu ere. Orduko hartan, gurutzea konpontzeko dirua eman zutenen izenak jaso, botila batean sartu, eta gurutzearen oinean lurperatu zuten. Hala, botila hori aurkitu nahian igo ziren domekan tontorrera. Aurkitu ez zuten arren, jarduerak Zuluagaren memoria gogoan izateko balio izan zuela nabarmendu dute.
Etorkizunera begira ere badira ibarrangelutarrak. Izan ere, lerro hauek jasotzen dituen HITZA botila batean sartu eta Armenduko gurutzearen oinean lurperatzeko asmoa agertu dute, “agian urte batzuk barru deskubritzeko HITZA egunkariak mende oso bat iraun duela”.
-
-
-
-
-
-
Ibarrangelutarrak Armendun