
Beste hainbat udalek bezala, Bermeoko Udalak ere Espainiako Gobernuko ordezkari Carlos Urkijoren errekerimendua jaso du, administrazio kontratazioen inguruan zein erabaki dituzten onartuta jakinaraztea eskatuz. Udalak uste du Espainiako Gobernua udalaren hizkuntza politikaren kontra dagoela, eta hori salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur 19:00etan Lamerako harrizko bankuaren aurrean.
Urkijoren lehenengo errekerimenduak Bermeoko Euskararen Erabilera Planak administrazio kontratazioetan finkatuta dituen hizkuntza irizpideak zeintzuk diren zehaztea eskatzen zuen, eta horien gaineko informazioa helarazi zion udalak. Orain, baina, Euskararen Erabilera Plana bere osotasunean gura du Espainiako Gobernuko ordezkariak, eta hori prestatzen dabil Bermeoko Udala.
Azaldu duenez, 86/97 dekretuak administrazio kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzea ahalbidetzen du, horregatik, era batean legea alde dutela uste du.
Kontratatzen den enpresa edo pertsona euskalduna izatea, euskara maila izatea, udalarekiko harremanetan euskaraz jardutea, gauzatzen dituzten txosten edo proiektuak euskaraz egitea edo bestelako hizkuntza irizpideak izaten dira, besteak beste, udalek administrazio kontratazioetan ezartzen dituztenak. Hala, Espainiako gobernua horien guztien aurka dagoela uste du udalak. «Baina gu herri euskaldun batean bizi gara eta euskaraz funtzionatzen dugu, beraz, gurekin harremanetan egoteko eta guri zerbitzua emateko, beharrezkoa da jende euskalduna izatea, ahal den neurrian, behintzat», dio.