
Urtero bezala, apirilaren 26a egun berezia izango da Gernika-Lumorentzat. Aurten 77 urte beteko dira frankisten aginduz Condor legioak herria bonbardatu zuenetik, eta gertaera hura gogoratzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gernikarrek. Izan ere, 2014an ere bonben burrunbaren oihartzunak bertoko biztanleen oroimenean jarraitzen du, gertaera anker hura ahanzturan gera ez dadin.
Batez ere, bonbardaketaren urteurren egunak bereganatuko du bertoko biztanleen arreta. Goizean hasita, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte herriko eragileek.
Ohi legez, George Steer kazetari britainiarraren omenaldiagaz hasiko dira bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak, Barrenkale Barrena kaleko eskulturaren ondoan. Steer bonbardaketaren berri eman zuen nazioarteko lehen kazetaria izan zen, orduko ankerkeriei aurpegia jarriz. Hala, hark egindakoa bereziki estimatzen dute gernikarrek.
Omenaldia amaitzean, Bakearen eta Berradiskidetzaren aldeko Gernika Sariak banatuko ditu udalak, Lizeo Antzokian. Aurten John Wynne hegazkin pilotu britainiarrak eta Manu Leginetxe kazetari arratzuarrak jasoko dituzte sari horiek. Erresuma Batuko pilotua, gainera, Gernika-Lumora bertaratuko da saria jasotzera. Joan den urtarrilean zendutako Leginetxeren ordez, bestalde, haren familiak jasoko du aintzatespena.
Goizeko ekitaldiekin amaitzeko, 13:00etan erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea egingo dute herritarrek, Gernika Batzordeak antolatuta.
Arratsaldean, bestalde, Gernika 4 minutu performance herrikoiagaz hasiko dira bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak. Lau minutuko isilunea egingo dute herritarrek, hirugarrenez.
Isilunearen ostean, berriz, bonbardaketan hildakoen aldeko elizkizuna egingo dute Zallo hilerrian. Herriko eta erakunde publikoetako ordezkariek lore eskaintza egingo diete hildakoei.
Bonbardaketa eguneko ekitaldiei iluntzean emango diete amaiera. Alde batetik, Gernika garretan antzerki herrikoia taularatuko dute bertoko biztanleek. Antzerki hori Gernika sutan lanaren moldaketa labur bat da. Izan ere, antzezlan osoa bi urterik behin taularatzeko erabakia hartu zuen talde eragileak. Bestetik, gernikarrek kandelen manifestazio isila ere egingo dute bonbardaketan hildakoen omenez.
Joan den urteko ekitaldietako zenbait argazki