Busturialdean
historia egiten ari dira saskibaloi taldeko neska nagusiak. Datorren astean gorengo mailara igotzeko aukera paregabea izango dute, Logroñon. Lurraldeko bigarren mailan hasi zuen taldeak bere ibilbidea, eta hortik gora egin du pixkanaka. Azken hiru denboraldietan Espainiako ligako bigarren mailan mantendu dira, eta aurten euren taldeko lider izan dira denboraldi hasieratik. Historia egiten ari da Gernika-Lumoko talde txikia. Asko sendotu da, gainera, Gernika Bizkaia taldea, eta egiten ari diren lanari esker, lehen mailarako igoera faserako sailkatu ziren, liga erregularra amaitzeko zazpi jardunaldi falta zirenean.

Gernika Bizkaiaz gain,
beste zazpi talde izango dira lehen mailarako txartela lortzeko lehian. Hain zuzen, Universitario de Ferrol, Al-Qazeres Extremadura, Duran Maquinaria Ensino, Adba, Fundal Alcobendas, Campus Promete eta CREF ¡Hola! izango dira, gernikarrekin batera, 24n, 25ean eta 26an gorengo mailan aritzeko lehiatuko direnak.
Igoera fasea
jokatzeko oso animatuta daude Mario Lopez gernikarrak entrenatzen dituen 11 jokalariak. «Ez dago aurkari ahulik», diote, aho batez, jokalari guztiek. Gauzak horrela, finalera begira, arreta osoa ipiniko dute.
Jokatzeko oso animatuta daude Mario Lopez gernikarrak entrenatzen dituen 11 jokalariak; jokalariek eurek ere ez zuten espero ligan lider izango zirenik
Jokalariek eurek ere ez zuten espero ligan lider izango zirenik; are gutxiago lehen mailan jokatzeko txartela eskura edukiko zuketenik. «Lehen bueltan B taldeko lider geratu ginen, Alcobendasen aurka partida bakarra galduta. Orduantxe hasi ginen animatzen eta sinesten, zer edo zer berria lortzea posible zela».
Harrobiko jokalariak
Gernikako talde xume horrek bertako jokalariengan jarri du, betidanik, konfidantza; eta, besteak beste, harrobiko jokalarien meritua ere bada orain arteko lorpena. Taldea osatzen duten 11 lagunetatik bost Gernika-Lumon jaiotakoak dira, taldean txiki-txikitan hasitakoak: Izaskun Garcia eta Judith Monasterio joko-antolatzaileak, Araia Peña eta Maite Mugira eskoltak, eta Ane Mugira hegaleko pibota, hain zuzen ere. Bost gernikar horiez gain, Otxarkoagako eta Durangoko jokalari bana eta Altsasuko batek ere osatzen dute Busturialdean historia egiten ari den taldeko euskal jokalarien plantilla. Taldekideen artean, giroa oso ona da. «Ondo konpontzen gara denon artean, eta hori, guk uste, partiduei begira igartzen dela. Denok batera, bata bestearen laguntzarekin, partidaz partida hobetzea lortu dugu», diote jokalariek aho batez.
Bigarren mailan jokatzen hasi ziren oraiin hiru urte, eta nazioarteko jokalariak fitxatu zituen klubak; tartean, Britany Miller estatubatuarra. Asteko jokalaririk onena izendatu dute, hiru aldiz, aurtengo denboraldian. «Pozik nago lortutakoarekin, baina talde guztiaren esfortzuarekin lortutako saria da. Gogor ekin diogu, eta horrek bere fruituak eman dizkigu», azaldu du Millerrek. Denboraldia hasi aurretik heldu zen taldera. «Hasiera ona eduki nuen taldearekin, ongi hartu ninduten, bai jokalariek eta baita talde teknikoak ere».
Gauzak horrela, elkar ondo ezagutzea da, haren ustez, aurtengo lorpenen sekretua. Talde bat dira, eta horrela funtzionatzen dute jokatzen duten partidu bakoitzean. Kantxan bost jokalari egon beharrean, bakar bat bezala jokatzen dutela esan daiteke.
Denboraldi osoan ia partida guztiak irabazi dituzte; lau baino ez dituzte galdu. Jokatu dituzten partida guztien artean, baina, Madrilgo CREF
¡Hola! taldearen aurkakoa da modu berezian gogoratzen dutena. Partida hura galtzen hasi zuten, eta
laugarren laurdenera arte ez zioten buelta ematea lortu. Azkenean irabaztea lortu zuten, eta oso pozgarria izan zen taldearentzat. «Azken atsedenaldiaren ostean, talde moduan gehiago eta hobeto jolasten hasi ginen, eta partiduak gure aldera egin zuen. Saskiratze gehiagoegin, eta aurkariak blokeatu genituen». Partidarik eskasena, ostera, Logroñon jokatu zuten.
Derbi kutsua izaten duela diote, eta galdu egin zuten, gainera. «Egun eskasa izan genuen eta txarto jokatu genuen. Azken momentuan jokoa hobetu genuen, baina azken momentuan bi hiruko elkarren atzetik sartu zizkiguten, eta lur jota geratu ginen».
Seigarren jokalaria, zaletuak
Maloste kiroldegia zaletuekin bete egiten da Gernika Bizkaiak jokatzen duenean, eta saskibaloiarekiko zaletasuna hazi egin dela diote. Jokalariek, gainera, asko eskertzen dute hori. «Jende asko etortzen da gu ikustera, eta hori oso aberasgarria da. Horrek guztiak, gainera, asko motibatzen gaitu partiduari begira».
Beraz,
igoera fasean Logroñon jokatuko dituzten partidetan ere taldearen zaletuak eta jarraitzaileak bertan egotea nahiko lukete Gernika Bizkaiako neskek. Hori posible egiteko, gainera, autobusak antolatzen hasiak dira, Auka bidaiak agentziaren laguntzarekin.