Gerardo Candina Gernika KESB taldeko lehendakaria: «Ilusioz beterik nago, eta mailaz igotzea oso pozgarria izango litzateke»
Gerardo Candina (Gernika-Lumo, 1957) Gernika KESB saskibaloi taldearen lehendakaria da. Azken 11 urteak daramatza zuzendaritzan lanean, eta mini basketetik ezagutzen dituen jokalari asko lehen mailara igotzeko zorian dira. Nagusien taldeak urteko ezustea eman du, denboraldia faborito bezala amaituz.
Noizbait lehen mailara igotzeko aukera izango zenuketeela uste izan duzu?
Ez. Hala ere, urte guzti hauetan goraka egin dugu pixkanaka, eta merezitako saria izango litzatekeela uste dut.
Betidanik klubean egon diren nesken eboluzioa zelan ikusi duzu?
Igoera faserako sailkatu den taldeko bost jokalari txikitatik ezagutzen ditut. Naturaltasun osoagaz ikusi ditut hazten. Harro nago lortu duten guztiagatik.
Hau guzti hau lortzeko ezer berezirik egin duzue?
Taldea sortzen igarri egin dugu, beharbada; bai bertako jokalariekin eta kanpotik egindako fitxaketekin. Jokalariak euren artean oso ondo ulertzen dira, eta jokoederra egiten dute.
Finalari begira, zelan ikusten duzu entrenatzailea?
Jokalariekin batera, berarena ere bada lorpen hau. Lan handia egiten du.
Igoera faserako egun gutxi falta direla, zelan zaude zu?
Oraingoz tranki baina badakit egunak hurbildu ahala urduri jarriko naizela.
Neskengan konfiantza al duzue?
Bai, konfiantza osoa. Edozer dela ere, eurengan konfiantza osoa ipinita dugu. Mailaz igotzea lortuko dugularen esperantza badut. Taldeak lehenengo mailan jokatzea oso pozgarria litzateke.