
Francking-a egiten
Fracking Ez Bizkaia! eta Bermeoko beste hainbat elkartek gasa ateratzeko haustura hidraulikoa ikertzeko abian dauden baimenak etetea eskatzeko mozioa aurkeztu dute Bermeoko Udalean, orain arte sistema hori ezarri duten lekuetan “arazo ugari sortu” direla iritzita. Udalak onartu egin du mozioa, Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari egingo diote eskaera hori; gainera, Jaurlaritzari berari, Espainiako Gobernuari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zein Europako Arartekoari “Gemeinis eta Fracking proiektuen inguruan duten informazioa helarazteko” eskatuko die. Halaber, Bermeo fracking gabeko herri izendatzeko eskaera egin die aipatu elkarteek Bermeoko udalbatzari, eta herriko sarreran hori erakutsiko duen kartela jartzeko eskaera egin du. Azkenik, egoeraren berri herritarrei emateko deia egin du, “herriari eragiten dion gauza bat delako”.
Busturialdean ere fracking-a egingo dutela azaldu dute mozioaren sustatzaileek; hala ere, ez dakite ez noiz ez zelan izango den: “Ez daukagu zehaztasunik, horren gaineko informazioa ukatzen digute-eta, baina herritarrei adi egoteko deia egiten diegu, denboran azkarrago edo beranduago burutuko dutelako”.
Joan den martxoan hilabeteko egitaraua antolatu zuten Bermeon apurketa hidraulikoaren aurka; hala, hitzaldia, bideo-emanaldia eta eztabaida-gunea antolatu zituzten, jendeari egoeraren berri emate aldera. Orain, gauza bera egin gura dute Busturialdeko gainontzeko herrietan, eta gauza bera egingo dute mozioagaz bertoko udaletan, “nahiz eta Jaurlaritzaren baimena izan, udalek aukera dutelako saihesteko”.
Dokumentua: