Beste hainbat udalek egin legez, Bermeokoak ere onartu du Oheen aldeko Osakidetzako taldeak aurkeztutako mozioa, Bildukoen aldeko botoagaz eta EAJkoen kontrakoagaz. Horren bitartez, Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari hitz emandako ospitalizaziorako oheak jartzea eskatu diote; “oherik gabeko ospitale bat ez delako ospitale bat”.

Horrez gain, “traumatologia, kirurgia orokor, pediatria eta erradiologia mediku eta laborategiko teknikari espezialistak 24 orduz egotea” eskatu dute. Beste hainbat eskaeragaz batera, kirofanoak berehala martxan jartzea eta eskanerrari etekin osoa ateratzea ere gura dute. Halaber, zerbitzu guztietan euskararen erabilera ziurtatu dadila eskatu du Oheen aldeko Osakidetzako taldeak. Gainera, telefono lineetan gaur egun egoten den kolapsoa salatu du taldeak, eta hori saihesteko, administrazioko pertsonal nahikoa jartzea eskatu du.
Eskatzen dituzten zerbitzu horiek martxan jartzeak ospitaleko arreta gertuagoa izatea ahalbidetuko lukeela eta, era berean, ingurua ekonomikoki eraberrituko lukeela deritzo taldeak; hartara, ehunka lanpostu zuzen zein zeharkako sortuta.
Oheen aldeko taldearen mozioagaz bat eginda, “Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeak kalitatezko osasungintza zirkuitutik hamarkada luzez bazterturik izan direla” salatu du Bermeoko Udalak, eta, ustez, hori konpontzeko sortutako Gernika-Lumoko ospitaleak biztanleriaren osasun asistentziak hobetu barik jarraitzen duela kritikatu du.
Azken finean, “eskualde-ospitale publiko bat” gura du Bermeoko Udalak; “aurrekontu propioa duena, hau da, zentrotik bertatik kudeatutako giza baliabide zein baliabide material nahikoa dituena”.
Dokumentuak: