
Iazko azokako irudia
Udaberriagaz batera, lehenengo sektoreagaz daukan hitzordua ate joka dator Morgara. Apirilaren 27an egingo dute herri horretan XV. nekazal azoka, eta, urtero legez, jarduera askogaz osatu dute eguneko egitaraua. Aurten, denetara, 30 izango dira askotariko produktuak eskainiko dituzten saltokiak.
Saltokietako hamazortzik tokiko eta sasoiko produktuak eskainiko dizkiete bisitariei, eta hamar izango dira artisauenak. Ibilaldia Elkartearena eta Gure Esku Dago dinamikarena izango dira beste biak. Eskaintza hori taloen txosnak osatuko du, herriko andrak ariko baitira mokadu gozo horiek frontoian prestatzen.
Bestalde, animalia exotikoen erakusketak ez du hutsik egingo aurten ere, eta, azken urteetakoari eutsiz, 11:30ak aldera falkoneria erakustaldiak ere izango dira Morgako Andra Marin. Berritasunik ere izango da aurtengoan; izan ere, 11:00etatik aurrera globo aerostatiko batean igotzeko aukera izango dute ume zein helduek. Gaztetxoenek, gainera, puzgarrietan salto-saltoka ibiltzeko aukera ere izango dute.
Aizkolari entzutetsuak
Herri kirolik edo probarik ez da falta izaten baserri giroko azokan, eta aurten, iaz egindako zaldi probei erreleboa hartuta, aizkolari entzutetsuen saioa egongo da Morgan, 13:30 aldera. Zehazki, Aitzol Atutxa eta Iñaki Azurmendi Euskal Herriko txapelduna ariko dira nor baino nor.
Osagai horiekin guztiekin, beraz, goiz polit baterako aukera dakar apirilaren 27ak Busturialdera. Hori horrela, Morgako Udalak azokan parte hartzeko deia egin die morgatarrei nahiz inguruko herrietako bizilagunei.