Maiatzaren 16an, 17an eta 18an ospatuko dute aurten Bermeoko Arrain Azoka, baina ordura bitartean, motorrak berotzen ariko dira herritarrak. Arrain Azokaren XX. edizio hori berritasunekin dator; iaz ez bezala, aurten Eleizalde Ikastolak antolatzen duen pintxo lehiaketa Aste Santuan hasiko baitute. Hala, ordutik Arrain Azoka bitartean, lehiaketara aurkezten diren pintxoak salgai egongo dira taberna parte hartzaileetan.

Iazko Arrain Azokako pintxo lehiaketa
Hain zuzen, Aste Santuan bertan –apirilaren 17an, 18an, 19an, 20an eta 21ean–, apirilaren 26an eta 27an eta maiatzaren 1ean, 3an, 4an, 10ean, 11n, 17an eta 18an izango du herritarrak aipatu pintxoak eskuratzeko aukera, gutxienez, 12:00etatik 14:30era.
Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko Turismo eta Merkataritza zinegotziak azaldu duenez, herriko taberna guztiek dute lehiaketan parte hartzeko aukera; betiere, arrainarekin egindako pintxoak aurkeztuta. Izan ere, Ormaetxearen arabera, “azken finean arraina kontsumitzea delako helburua”. Hala, tabernariek herriko establezimenduek duten kalitatea ezagutara emateko aukera izango dute pintxo lehiaketak irauten duen egun horietan zehar. Parte hartzen dutenek pintxo lehiaketaren kartela jarri beharko dute euren tabernetan, eta lehiaketako pintxoa zein den adierazita eduki beharko dute. Momentuz, 18 bat tabernek eman dute izena Arrain Azokako pintxo lehiaketan; hala ere, udalak parte hartzeko deia egin die herriko tabernei, “badakigulako maila altua dagoela herriko tabernen artean”.
Epaileek baloratuko dituzte lehiaketako pintxoak, salgai dauden guneetan eta aipatutako ordutegian; balorazioa egiterakoan, profesionalek lau puntu izango dituzte eta publikoak, ostera, bakarra. Herritarrek maiatzaren 11ra arte iznago dute botoa emateko aukera; gainera, hori egiten duenak zozketa batean parte hartu ahalko du. Hain zuzen, hiru sari egongo dira publikoarentzat: lehenengoa 100 euroko txartela; bigarrena 50 eurokoa, eta hirugarrena eta azkena 25 eurokoa. Txartel horiek parte hartu duten tabernetan gastatu beharko dituzte ekainaren 30a baino lehen. Publikoaren zozketaren emaitzaren barri pintxo irabazlearekin batera emango dute, maiatzaren 17an 13:00etan, Lamerako kioskoan.

Iaz Herri Babesako boluntarioek hartu zuten Hegaluze Saria
XVIII. Hegaluze Saria
Bestalde, XVIII. Hegaluze Saria emango diote aurten Bermeoren izena zabaldu edo goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari, eta dagoeneko sari horretarako proposamenak egiteko epea zabaldu dute. Hain justu, maiatzaren 12ra arte jasoko dituzte proposamenok; interesa duenak berak aukeratutakoaren datuak eman beharko ditu eta zergatik aukeratu duen azaldu beharko du. Datu horiek
hegaluze@itsuki-irratia.net helbidean, Itsuki Irratiko bulegoan bertan edota Bermeoko Udal Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dira.
Pertsona, erakunde, elkarte, entitate, enpresa edota proiektu batek jaso ahalko du Hegaluze saria, kirola, enpresam kultura, gizartea edo bestelako arloa izanik. Irabazlea maiatzaren 16an jakinaraziko dute Nestor Basterretxea aretoan.
II. Argazki rallya
Azkenik, iaz lehen aldiz antolatu zuten argazki rallya ere egingo du aurten Begi Handi elkarteak. Parte hartu nahi duenak kamera zein telefono bidez atera ahalko ditu argazkiak maiatzaren 17an; argazkiak, betiere, lehiaketan jorratuko diren bost gaien inguruan izan beharko direlarik. Herritarrek bi mailatan banatuta parte hartuko dute; batetik, 15 urtera artekoak egongo dira, eta, bestetik, 16 urtetik aurrerakoak. Horiek guztiek, baina, izena eman beharko dute maiatzaren 17an bertan 11:00etatik aurrera Lameran. Rallya 14:00etan bukatuko da eta lanak aurkezteko epea 14:30era arte egongo da; sari banaketa, berriz, 20:30ean egingo dute.