
Itxaso Mendieta (Gernika-Lumo) Turismo Bulegoko beharginak Basquetourrek martxan jarri duen proba pilotu baten berri eman du. Dioenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost turismo bulegotan banatuko dute “bizipen turistiko desberdinei buruzko informazioa”, tartean Gernika-Lumokoan. Proba pilotuak baliabide turistiko arrakastatsuenei buruzko informazioa emango du, aurrerantzean eman beharreko pausoak zehaztuz.
Zertan datza Basquetourrek martxan jarrita duen proba pilotua?
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako esperientzia desberdinak ezagutarazteko proba pilotu bat da. ‘Esperientzia’ berba erabiltzen du Basquetourrek, bizipen aberasgarri bat irudikatzeko. Esperientzia horien bitartez, turistek zerbait gogoangarria egitea bilatzen dugu, bisitaren oroitzapen onak gorde ditzaten.
Zenbat bizipen desberdin daude?
Interneten 86 bizipen daude aukeran, baina proiektu pilotua amaitu ostean 50 bizipen izango dira. Proiektu pilotuan, bestalde, hemezortzi bizipenen artean aukeratu dezakete bisitariek zein bertoko herritarrek. Basquetourrek pertsonala, informazio gune bat, eta bizipenen fitxak jarriko ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bost turismo bulegotan; tartean, Gernika-Lumokoan. Izan ere, bisitari gehien hartzen dituen turismo bulegoa da bertokoa, Bizkaia kontuan hartuz gero. Aukeran izango diren bizipenen artean Urdaibaiko bi ere izango dira: Gernika-Lumokoa eta Gaztelugatxeko San Juanekoa.
Zertarako balio izango du proba pilotuak?
Bizipen aukeratuenak zeintzuk diren ezagutzeko aukera emango digu proba pilotuak. Hala, zerbitzu horiek hobetzeko aukera bat da. Azken finean, gabeziak eta indarguneak identifikatzeko modu bat izango da. Aste Santuan, gainera, zuzeneko informazioa banatuko dugu turismo bulegoan bertan. Hala, informazioa lehen eskutik jasotzeko aukera izango dute interesatuek. Bisitarien interesak kontuan hartuta, bertoko zerbitzuak hobetzeko tresna bat izango da proba.
Bizipen aukeratuenak zeintzuk diren ezagutzeko aukera emango digu proba pilotuak. Hala, zerbitzu horiek hobetzeko aukera bat da. Azken finean, gabeziak eta indarguneak identifikatzeko modu bat izango da”
Bizipenen proiektua kanpoko turistei zuzenduta al dago?
Turistentzat zein bertoko herritarrentzat proiektu aberasgarria da Basquetourrena. Bertoko herritarrek ere gauza berriak ezagutzeko aukera daukate egitasmo horri esker. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa herrialde txikiak dira, baina danetarik daukate. Donostiko herritar batek, esaterako, zergatik ez du Gaztelugatxeko Doniene bisitatuko? Esperientzia berritzaileak eta ederrak dira. Hala, leku interesgarriak bisitatzeko aukera desberdin bat eskaintzen dute.
Turistentzat zein bertoko herritarrentzat proiektu aberasgarria da Basquetourrena. Bertoko herritarrek ere gauza berriak ezagutzeko aukera daukate egitasmo horri esker”
Zelan emango duzue bizipen horien berri aurrerantzean?
Hilaren 12tik 20ra hemezortzi bizipen garrantzitsuenen berri emango dugu Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan bertan.
www.turismo.euskadi.net helbidean, baina, edozein momentutan bisita daitezke esperientzia guztiak.
Zer egin? atalean sartu behar da lehenengo, eta ondoren
esperientziak azpiatalean sakatu. Bertoko herriei dagokienez, Gernika-Lumoko, Bermeoko, Lekeitioko, Ondarroako eta Mutrikuko bizipenak ere badaude. Sarean egotea ere oso garrantzitsua dela uste dugu, bertan informazio guztia jaso dezaketelako interesatuek.