
Iazko sari banaketa
“Gaztetxoen artean bertsozaletasuna eta sormen lana sustatzea” helburu daukan lehiaketa hamargarrenez antolatu dute aurten. Martxoaren 7ra arte egon da parte hartzeko aukera, eta sari banaketa bihar egingo dute, 12:00etan, Nestor Basterretxea aretoan.
Adinaren araberako taldeak bereizi dituzte aurten ere: 1. mailan 11 eta 14 urte artekoek parte hartu dute, eta 2. mailan 15 eta 18 urte artekoek. Hala, lehenengo mailakoek hiruna bertso aurkeztu behar izan dituzte, eta bigarrenekoek gutxienez lau eta gehienez sei. Neurriak eta gaiak libreak izan dira.
Bertso paper onenak aukeratzeko epaimahaia bertsolariek osatu dute, eta horiek arduratu dira bertsoaren kalitatea, estiloa, gaia garatzeko modua eta originaltasuna baloratzen. Hala, 1. eta 2. mailetako irabazleek sari bana jasoko dute, eta nork bere bertsoa kantatzeko aukera izango du Nestor Basterretxea aretoan egingo duten saioan. Irabazleen bertsoak, gainera, Andra Mari jaietako liburuan argitaratuko direla azaldu du Bermeoko Udalak.