
Zea Mays taldeko kideak. ‘Da’ diskoa aurkeztuko dute Bermeon
Sei urte joan dira Bermeoko Kafe Antzokiak 2008ko apirilaren 19an ateak ireki zituenetik. Bere oholtza estreinatu zuten taldeak Gernika-Lumoko Ken Zazpi eta Bermeoko Tximino izan ziren, eta gerora etorri dira beste asko eta asko, Euskal Herrikoak ez ezik atzerrikoak ere; eta, zelan ez, bestelako kultura jarduerak ere. Ibilbide oparoa izan du, eta hori ospatzeko, egitarau berezia antolatu du apirilerako. Gaurtik apirilaren 26ra bitartean, askotariko kontzertu eta ekitaldiak hartuko ditu Bermeoko aretoak.
Unknown jaialdia egingo du gaur bertan. Hala, 23:30etik aurrera, Las Tea Party DJ’s, Patrol Destroyers, Croisants DJ’s, Machine Playerz izango dira antzokia girotzen. Bihar, bestalde, hard rock-a, heavy metal-a eta rock urbanoa izango dira nagusi, Los Suaves talde mitikoaren eskutik. Galizian sortutako taldeak Mila kontzertuen bira izeneko diskoa aurkeztuko du Bermeon, eta berori izango da Bizkaian emango duen kontzertu bakarra.
Apirilaren 11n, alde zaharra kiskali zuen sutearen urteurrenean, hainbat izango dira Kafe Antzokiak hartuko dituen jarduerak. Biharamunean, bestetik, Zea Mays eta Bostenbor zuzenean ikusteko aukera dakar. Apirilaren 19an eta 26an izango dira azken bi kontzertuak. Ramonetarrak eta Porco Bravo izango dira lehenengoan, eta Willis Drummond, Tooth eta Urgatz bigarrenean. Baterako zein besterako sarrerak merkeagoak dira aldez aurretik erosita. Kafe Antzokiak jakinarazi duenez, ohiko lekuetan daude salgai.
Kultura arloan nahiz beste batzuetan, Kafe Antzokiak ekarpen handia egiten dio Bermeori. Izan ere, denetariko jarduerak dakartza herrira, eta, gainera, adin guztietako bizilagunei zuzendutakoak”
Arduradunak, pozik
Bermeoko Kafe Antzokiko arduradunek diotenez, “krisiaren eragina igarri” den arren, zapore gozoa utzi du sei urteko ibilbideak. “Kultura arloan nahiz beste batzuetan, Kafe Antzokiak ekarpen handia egiten dio Bermeori. Izan ere, denetariko jarduerak dakartza herrira, eta, gainera, adin guztietako bizilagunei zuzendutakoak”.
Urteurreneko eitarauko ekitaldiren bat nabarmentzearren, Zea Maysen kontzertua aipatu dute; eta baita herriko nahiz inguruetako taldeenak ere, “bertokoei ere aukera berdinak eman behar zaizkielako”. Dena den, kulturak “hizkuntzarik ez” daukala iritzita, denetarikoak antolatzen jarraituko dutela aurreratu dute Kafe Antzokiko kideek.