
Zugastieta eta Muxika arteko 4,6 kilometroko trenbide zatia konpontzeko lanak egingo ditu Euskal Trenbide Sareak (ETS). Obrak adjudikatzeko deialdia egin du, eta uda partean hastea aurreikusi du. 4,6 milioi euroko aurrekontua izango dute lanak egiteko, eta 14 hilabeteko epean amaitu gura dituzte.
Trenbide sarea modernizatuko dute, segurtasuna hobetzeko asmoz; horrela, junturak kenduko dituzte, besteak beste. Trenbide-trabesak egurrezkoak dira, eta 25 urte baino gehiago dituzte. Horregatik, lanokin horiek kendu eta erreil zuzena ipiniko dute, hormigoizko trabesekin.