Aurreko urteetan legez, oraingoan ere Bermeoko hainbat txokotan egongo da Kalinpan edari isotonikoa; kirol-ekitaldietan ez ezik, bestelako giroetan ere aurkitu ahalko du herritarrak. Hala, martxoko Dendarik denda azokan egin legez, aurrera begirako ekitaldietan ere bere presentzia izango du Bermeon hain ezaguna egin den maskotak.
Biharko Sagrado Corazon ikastetxeak antolatutako kirol-egunean zein datorren asteko Udaberri azokan aurkitu ahal izango dute Kalinpan, esaterako. Hile hontan, gainera, Bermeoko Futbol Taldeak antolatutako Aste Santuetako torneoan ere izango da, “kirola eta euskara lagun direla zabaltzeko”.

Kalinpanen egitarauaren aurkezpenean, Maite Alvarez eta Josu Unanue
Maiatzean, bestalde, kanpotik datozenen artean euskara zabaltzeko, Bermeoko Arrain Azokan hartuko du protagonismoa; horregaz batera, maiatzeko batel-estropadetan zein umeen olinpiadetan ere izango da. Ekaineko zein uztaileko ekitaldietan ere, euskara zabaltzen jarraituko du; hala, Bermeoko Erromeridxen eta KAE2 mailako traineru-estropadetan ere ikusi ahalko da Kalinpan, hurrenez hurren. Arraunean jarrituko du Bermeoko kirol maskotan iraileko San MIgel ligako estropadetan, baina lehenengo, tripa betetzeko aukera izango du Sukalki egunean.
Euskararen Egunean hutsik egin barik, herriko ikastetxeetara bisita egingo du abenduan Kalinpanek, eta urteari amaiera borobila emateko, Eleizalde ikastolako Gabon jaialdian agurtuko da herriaz hurrengo urtera arte.
Herritarren artean, euskara “ikusi, entzun, usaindu eta sentitzeko” helburua izango du aipatu egunetan Bermeoko Kalinpanek; izan ere, Bermeoko Udalak azaldu duenez, “Kalinpanek euskaraz bizi eta euskara toki guztietara eraman nahi du”. Hala, berarengana gerturatzen diren guztiei musu eta besarkadak emango dizkie, besteek euskara eskaintzen dieten bitartean. Udalaren arabera, hizkuntza bat bizirik dago kalean eta herritarren artean badago: horregatik aterako dute Kalinpan kalera, “euskaraz beteta dagoen edalontzi horretatik herritarrei edaten emateko”.