Hilaren 12ko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Totorikaguenako langileek
http://youtu.be/Fv9zLN_6m7I
Duela astebete greba mugagabea hasi ostean, Totorikaguenako beharginek manifestaziorako deia egin dute. Marisa Etxebarria langileen ordezkariak jakinarazi duenez, hilaren 12an egingo dute manifestazioa, Lanpostu duinen defentsan, kaleratzerik ez! lelopean. Merkurion emango diote hasiera protesta saioari, 12:30ean.
Gernika-Lumoko enpresako beharginek parte hartzera deitu dituzte herriko eta inguruetako bizilagunak. Izan ere, enpresa herritar guztiak kaltetzen ari dela deritzote Totorikaguenakoek. Hala, manifestazioak bi helburu izango ditu: “Gernika-Lumoko enpresako langileei, zein antzeko egoeretan dauden milaka eta milaka pertsonei elkartasuna adieraztea”.
Busturialdeko enpresetako langileei eta Gernika-Lumoko Udalari ere laguntzeko deia egin diete Totorikaguenakoek. Etxebarriak azaldu duenez, “enpresa komiteei eta langilegoari atxikimendua emateko eskatu nahi diegu”. Totorikaguenako jabeen jarrera langileria osoaren kontrako erasoa dela deritzote enpresako beharginek.
Udalari, bestalde, esku har dezala eskatu diote, arazoari interbide azkar eta egokia emateko. Horretarako, udalbatza berezia deitzeko eskaera egingo diote Jose mari Gorroño alkateari.
Totorikaguenakoek joan den astean hasi zuten greba mugagabea, enpresako jabeek langile guztiak kaleratzea eta hiru lantegiak zarratzea erabaki baitu. Langileek enpresako arduradunekin batzeko hainbat eskaera egin dituzten arren, Totorikaguenako jabeak entzungor jokatzen ari direla salatu dute beharginek. Etxebarriak nabarmendu duenez, enpresak ez du negoziatzeko borondaterik. Langileek “ahalegina egiteko eta zenbait murrizketa onartzeko prest” daudela adierazi dute hainbatetan, baina jabeek ez dute batu nahi.
Greba mugagabeari amaiera emateko baldintza nagusia Francisco Javier Arriaga Totorikaguena enpresako arduradun nagusia langileekin batzea da. “Gutxienez, aurpegia eman” behar duela deritzote Gernika-Lumoko beharginek.