Bihar hasiko da Barikuetan Jai Alai kiniela amerikar txapelketa
http://youtu.be/bOlWTEI3pDs
Aurten, seigarren urtez antolatu dute kiniela lehia Gernika-Lumoko zestapunta eskolako kideek. Hala, txapelketa hazten ari dela deritzote antolatzaileek. Jakinarazi dutenez, urtetik-urtera pilotalekuan zale gehiago batzen dituzte. Hala, aurten ere berdina gertatzea, eta Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekua jendez gainezka egotea espero dute eskolakoek. Lehen kiniela 20:00etan hasiko da.
Antolatzaileen ustez, kiniela amerikar jokoa oso entretenigarria da. Hala, inguruko zesta-punta zaleek oso gustuko dutela esan du Gaizka Etxeandia eskolako kideak. Ikusgarritasunaren mesedetan, gainera, aurten zenbait aldaketa egin dituzte txapelketan. Alde batetik, kiniela eta puntista kopurua murriztu dute antolatzaileek. Iaz, esaterako, 16 puntistak parte hartu zuten kiniela txapelketa. Aurten, bestalde, 12 kirolari ariko dira lehian. Kiniela kopurua murriztuz txapelketak zirrara gehiago izango duela uste du Etxeandiak. Hala, zaleek eskertu egingo dutela deritzo.
Kiniela eta puntista gutxiagok parte hartuta, bestalde, txapelketa udaberri hasieran bakarrik jokatuko dute (apirilaren 4tik maiatzaren 2ra). Aurreko urteetan otsaila aldera eman zioten hasiera txapelketari, baina neguan zale gutxi gerturatzen zen pilotalekura. Hala, apirileko eta maiatzeko eguraldi hobeak zaleak erakarriko dituela uste dute Gernika-Lumoko eskolakoek.
Azken txapelketetan egin duten bezala, aurten ere gaztetxoen kinielak antolatu dituzte. Hortaz, etorkizuneko izarren abileziagaz gozatzeko aukera ere izango dute inguruko zaleek. Gaztetxoen kinielak 19:00etan hasiko dira.
Astebururo kiniela bat jokatuko dute puntistek, baina Aste Santuan funtzio bikoitz bi izango dira. Opor egunak aprobetxatuz, jendea frontoira erakartzea da antolatzaileen helburua.
Maila handiko txapelketa
2014ko kiniela txapelketak ere, maila handia izango du. Etxeandiak esan du aparteko puntistek parte hartuko dutela txapelketan. Hala, frontoira hurbiltzen diren zaleek gozatu egingo dutela dio.
Kiniela txapelketa zirraragarria izango dela iritzita, pilotalekura joateko deia egin du herriko zesta-punta eskolak. “Oizmendik partida guztiak emango ditu, baina zesta-puntaz benetan gozatzeko pilotalekura etorri beharko dira interesatuak”.
Nagusien mailan, esaterako, Xabier Barandika, Bidaburu, Jon Barandika, Urrutxua, Roke, Ander eta Martija izango dira aurrelariak. Anderrek eta Martijak hiruna kiniela jokatuko dituzte, eta gainontzekoek seina kiniela. Atzelariak, bestalde, Ubilla (Berriatua), Zabala (Markina-Xemein), Urtubi, Oar Arteta, Leke eta Madari (Ea) izango dira.
Pilotari guzti horien artean, X.Barandika eta Leke nabarmendu dituzte antolatzaileek. 2013an munduko txapeldun izan ziren gernikarrak, eta azken hiru urteetan Espainiako eta Europako txapelketak irabazi dituzte. Aurten, gainera, Euskal Liga irabazi dute dagoeneko.
Bestalde, Madari eta Oar Arteta ere izan ditu gogoan Etxeandiak, AEBetan jokatu baitute dagoeneko. Hala, kirolari horientzat ezaguna da kiniela jokoa.
Gaztetxoen kinieletan, Goitia (Markina-Xemein), Aritz, Unda, Urko, Unai eta Lezamiz izango dira aurrelariak. Iker, Gorka, Ibon, Libano (Markina-Xemein), David eta Peio, aldiz, atzelariak izango dira.
http://youtu.be/bOlWTEI3pDs