
Udaberriko azokaren aurkezpena
09:00etatik 15:00etara, azokan egongo da baserriko lehen mailako produktuak eskuratzeko aukera, eta, gainera, dastagai jarriko dituzte bertoko artxoa, txakolina eta sagardoa. Bigarren eskuko merkatua ere egingo dute zapatuko udaberriko azokan, eta umeentzako tailerrak egongo dira.
Irune Ormaetxea Turismo eta Merkataritza zinegotziak, Amaia Elorza Lurgintza zinegotziak, Ainhoa Maguregi Bermeoko Azoka Elkarteko (Berazel) bozeramaileak eta azokako merkatariek egin dute azokaren aurkezpena, eta Maguregik azaldu du artxoa izango dela udaberriko azokaren protagonista bat. “Horrela, 12:00etatik aurrera, azoka honetara datozen pertsonek azokan bertan prestatutako artxoa dastatu ahal izango dute, txakolinarekin edota sagardoarekin lagunduta. Hori guztia euskal musikarekin girotuta egongo da, Bermeoko plazan giro aparta sortuz”. Aipatutakoaz gain, azokako saltokiek “euren kalitatezko bertoko produktuak” eskainiko dituzte.
Bigarren eskuko merkatuari dagokionez, hamabost izango dira saltokiak, eta, zehaztu dutenez, askotarikoa izango da eskaintza: arropak, liburuak, altzariak… Umeen tailerrak, bestalde, 11:30etik 12:30era izango dira. Besteak beste, globoflexian ariko dira, eta marrazki lehiaketa bat egingo dute.
udaberriko azoka honekin Bermeoko plaza indartu nahi dugu, eta gure baserrietako sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu, sasoiko produktuak kontsumitzea gure inguruko baserritarren onurarako delako eta gure elikadura ere hobetzen duelako”
Bermeoko plaza biziberritzea helburu, plangintza berezi bat ari da egiten Bermeoko Udala. Horrela, abenduan Gabonetako bertoko produktuen lehenengo azoka egin zuten Bermeon, eta zapatukoa da aurreikusitako hurrengoa. Turismo eta Merkataritza zinegotziaren hitzetan, “udaberriko azoka honekin Bermeoko plaza indartu” nahi du udalak, “eta gure baserrietako sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu, sasoiko produktuak kontsumitzea gure inguruko baserritarren onurarako delako eta gure elikadura ere hobetzen duelako”.
Hori horrela, Irune Ormaetxeak, Amaia Elorzak eta Ainhoa Maguregik azokara joateko deia egin diete herritarrei, “euskal giro politean, artxoa, txakolina eta sagardoa dastatzeko, balio erantsia duten gure produktuak eskuratzeko eta bigarren eskuko merkatua bisitatzeko aukera izango dugulako”. Azkenik, merkatuko aparkalekua erabilgarri egongo dela ekarri dute gogora.