
Urtzi Batiz eskultore bilbotarraren lanetako bat
Keinuetatik ulermenera salto egin du Urtzi Batiz eskultore bilbotarrak, sentimenduetatik eskulturetara. Kontzeptu abstraktu bezain unibertsalak irudikatuz, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoko erakusketa gela bete du bere lanekin: giza keinuekin.
Gizakiak modelatu ditu Batizek; emakume zein gizonezkoak, bakarka zein konpainian. Gizarteko problematika/tematikak azaleratu ditu; batez ere, sentimenduak. Azken finean, “jendearentzako arte guztiz ulergarria” egiten saiatu da; lengoaia “oso errazaren” bitartez, sentimendu “oso gertukoak bezain politak” islatu ditu bere eskulturetan.
Elkarrengandiko banaketa sufritzen duten gizaki biren irudia ikus daiteke eskultura batean, fustrazioarena beste batean, pertsonen arteko maitasuna hirugarren batean…
Artistak ez ditu edonolako tokian ezagutarazi bere lanak, eskulturen erreferente den herrian baino: Bermeon, Nestor Basterretxea artista ezagunaren etxean. Era batekoak zein bestekoak, baina hainbat dira Batizek ikusgai jarritako eskulturak. Horiek ezagutu nahi dituenak domekara arte du horretarako aukera Nestor Basterretxea aretoan 19:00etatik 21:00etara.
Bermeo ez da izango bilbotarraren erakusketa hartuko duen toki bakarra; besteak beste, Zornotzan, Bilbon eta Getxon ere bere lanak ikusgai jartzea aurreikusten baitu.