Iñaki Perez (1964, Bilbo) enpresa aholkulariak langabetuei lana bilatzen laguntzeko ikastaro bi emango ditu maiatzean. Batetik, sare sozialen garrantzia enplegua bilatzerakoan tailerrean parte hartu ahal izango dute Busturialdeko gazte langabetuek maiatzaren 8an, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean; bestetik, talde rolen Belbin metodologia ikastaroa emango dute maiatzaren 13an Bermeon, eta 20an eta 27an Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Bermeoko eta Gernika-Lumoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuetan edota Urremendi elkartean eman daiteke izena.

Iñaki Perez enpresa aholkularia
Nola ikusten duzu lan mundua?
Nire ustez, nahiko aldakorra da; asko aldatu da: eskaintza gutxi dago eta jendea egoera txarrean dago. Lana bilatzeko bitartekoak aldatzen doaz; sare sozialak bezalako tresnen bitartez orain posible da lana bilatzea.
Lan eskaintza gutxiago, baina, lan eskaerak berdin jararitzen al du?
Nire ustez, eskaera bera da. Lan eskaintza gutxiago daude orain, eta, gainera, oso lan espezializatuak izaten dira. Berrikuntza mundua indartzen ari da Euskal Herrian, eta sektore horietan lan gehiago eskaintzen dute, zentro teknologikoetan, esaterako; baina gainontzekoetan ez.
Zein da gaur egun arazoa?
Nire ustez, enpresa askotan atzeratuta daude teknologiari dagokionean; berrikuntza filosofiaz kontzientzatu behar dira herritarrak. Bestalde, gaur egun oso zaila da enpresa batean inbertitzea; banketxeek ere ez dute mailegurik ematen. Halaber, euskal enpresek Frantzia eta Alemaniara egiten dituzten esportazioetan ere nabari da estatu horiek bizi duten krisia, esportazioa baita euskal ekonomiaren ardatz nagusia.
Lana bilatzerako orduan zein arazo dituzte egungo gazteek ?
50 urteko pertsonek dituzten arazo berak: alegia, lanik ez dagoela, eta enpresek, gainera, asko eskatu eta gutxi ematen dute. Lan baldintzak ere eskasak dira.
Krisi garaia aprobetxatzen al dute asko eskatzeko eta gutxi emateko?
Bai; ez dute hori enpresa guztiek egiten, baina bai askok. Jende asko dago merkatuan, eta batek ezetz esaten badu ere, besteren batek esango du baietz.
Horren aurrean zer egin beharko luke herritarrak?
Alternatibak badaude; enpresa eta lanpostu onak egon badaude, eta horiek bilatzen jakin behar da. Bestalde, nork bere ideiak martxan jarri behar dituela uste dut. Diru gutxirekin ere egin daiteke hori; nik, esaterako, ez dut inoiz ez laguntzarik ez mailegurik jaso, eta hiru enpresa sortu ditut. Gaur egun dagoen irtenbide argiena da ekintzaile izate hori; horretarako, baina, izaera jakin bat eduki beharra dago.
Langabetuei lana bilatzen laguntzeko tailer batzuk emango dituzue maiatzean. Zer bidluko dute horiek?
Bi ikastaro izango dira; batetik, lan bilaketaren mundua nolakoa den azalduko diegu, hautaketa prozesuak egiten dituen pertsonaren ikuspuntutik. Hala, curriculum vitae-ak nola egin behar diren azaltzeko gomendioak emango ditugu, besteak beste. Horrez gain, lana bilatzerako orduan gaur egun sare sozialek duten garrantzia azpimarratuko dugu; horretarako, LinkedIn-en–lana bilatzeko erabiltzen den sare sozial garrantzitsuenean– profil bat zabaltzea aurreikusten dugu ikastaroan. Halaber, gainontzeko sare sozialen gainean ere ariko gara. Nire ustez, egun ez da sare sozialen bitartez lana bilatzen, eta jakitera eman nahi diet ikastaroko parte hartzaileei horretarako aukera ere badela.
Garrantzitsua al da sare sozialen bitartez lana bilatzea?
Garrantzitsua da beharra bilatzeko beste bitarteko bat baita, baina ez da bakarra eta ez da inportanteena.
Zein da zuretzat horretarako bitarteko garrantzitsuena?
Nire ustez, Interneta orokorrean da garrantzitsua, eta, horren ostean, egunkaria bera ere; betiko iragarkiak, alegia. Sare sozialetan nabariagoak izaten dira teknologiari lotutako lanpostuak.
Nola lagundu ahal diete tailer horiek langabetuei?
Nire partetik, hautaketa prozesuak nolakoak diren azalduko diet, curriculum erakargarri bat nola egiten den eta nori bidali behar zaion, lana nola bilatu daitekeen… Azken finean, merkatuak ematen dizkizun aukera guztietan lana nola bilatu daitekeen eta toki bakoitzean zelako jarrera eduki behar den azalduko diet.
Bestalde, talde-rolen Belbin metodologia ere landuko duzue tailerretan ezta?
Bai, hala da; izan ere, gaur egun toki guztietan eskatzen dute taldeetan lan egin dezaten. Hori dela eta, taldean aritzeko bakoitzaren rolak zehaztuko ditugu.
Zein gomendio emango zenieke langabetuei?
Garrantzitsuena da bakoitzak jakin dezan nor den, zer daukan, zer ez daukan eta zer lortu nahi duen. Hori guztia gero mahaigaineratu edo praktikara eraman behar da, bai lana bilatzean eta baita bizian ere. Izan ere, lan profilak garrantzia duen heinean, alde pertsonalak ere badu. Norbere nortasuna da garrantzitsuena.