
Barazki sorta
Ortutik Ahora-rekin elkarlanean, Gastrobarazki ekimena hartuko du Gernika-Lumoko kulturarako fabrika sozialak zapatuan. Barazkiak oinarri hartuta, sasoiko, bertako, artisau eta produktu ekologikoekin egindako menua eskainiko dute egun horretan, 14:30etik aurrera. Hain zuzen, ortuko olagarroa, borraja krema, aza-muin entsalada eta patata eta perretxiko Gure brownia dastatu ahal izango dituzte jankideek.
Lekuak mugatuak direla eta, aldez aurretik eman beharko da izena, Astrako barran, Lurgozon,
ortutikahora@gmail.com helbidean edo 627-588 349 telefonoan. Barikua da horretarako azken eguna. 15 euro balio du menuak.
Azaldu dutenez, “barazkiak gure elikaduran edota gure gastronomian bigarren maila batean geratzen dira bazterturik, normalean animali proteinen osagarri bezala (haragia edo arraina)”. Hori aintzat hartuta, Gastrobarazkik barazkiei eman gura die protagonismoa, horiek jateko era asko daudela erakutsiz. “Gainera, bertan ekoiztuak dira, beren onura nutrizionalak hamaika dira eta oso gozoak daude”. Barazkiak jatea ez dela aspergarria frogatu nahi du Gastrobarazkik, “betiko entsalada eta pureez gain badaudela beste modu asko erakutsiz”.
Gainera, nabarmendu dutenez, Gastrobarazkitik elikadura subirontasunaren aldeko apustua egiten du, “bertan ekonomia eta pertsona eta ingurumenarekiko elikadura osasuntsu eta begirunetsua sortzeko”. Horrela, menua prestatzerakoan osagaien %80 gutxienez sasoikoa, bertakoa eta artisaua izango da”. Gastrobarazki by Ortutik Ahoraren hornitzaile nagusiak Ortutik Elkartea (barazkiak eta fruta) eta Lurgozo (ez-galkorrak) dira, eta baita eskualdeko beste ekoizle batzuk ere.