
Jonan Serrano Salutregi (1991) eta Leire Gonzalez Enbeita (1991) gernikarrak Ernaiko kideak dira, eta Gazteak eta prekaritatea jardunaldietan izango dira, etzi. Diotenez, prekaritateak aurpegi asko dauzka. Hala, prekaritate mota desberdinei buruz ariko dira, Gernika-Lumoko Astran.
Zer da zapaturako Ernaik antolatu duena?
Leire Gonzalez. Prekarietatea gazteen ikuspegitik ere aztertu behar dela deritzogu. Hala, gaiari buruz eztabaidatze aldera, eskualde mailako jardunaldiak antolatu ditu Ernaik. Ez da egun bakar baten landu daitekeen gaia, baina gazteak gaur egungo testuinguruan kokatu behar direla uste dugu. Hala, gaiaz eztabaidatzeko lehen pausoa izango da asteburukoa. Askotan egiten dugu berba prekarietateaz; baina, zer da prekarietatea, eta zelan eragiten die gazteei? Guzti hori islatzeko egun bat izango da zapatua.
Zergatik ikusi duzue beharrezko jardunaldi horiek antolatzea?
Gonzalez. Eskualdean gazte asko dago. Batzuk ikasten ari dira, baina asko lan egiteko moduan daude. Lanean ari diren gazte gehienek, hala ere, ez dute lan ofizialik. Egoera horrek zuzenean eragiten du gazteengan, prekaritatea lan mundutik beste arlo batzutara salto eginez. Gazteak, esaterako ezin dira etxetik joan, eta burujabe izateko aukera galtzen dute. Hala, egunerokotasunean zuzenean eragiten die prekarietateak.
Zer da prekaritatea?
Gonzalez. Prekaritatea garapen pertsonalerako egonkortasun eza da azken finean. Hala, prekaritateak aurpegi asko izan ditzake. Garapen pertsonalak arlo asko dauzka eta guztiei eragiten die. Baliteke lan kontu bategaz hastea, baina prekaritatea hedatu egiten da.
Zein da gaur egungo gazteen egoera?
Jonan Serrano. Prekarioa da berba. Egoera txarra bizi dugu gazteok, eta zerbait egin behar dugula deritzogu. Gazte asko dago 30 urtegaz etxean bizitzen; lan barik edota soldata miserable baten truke lan eginez. Horrek garapen pertsonalean eragiten du, zure buruaren jabe ez zarela sentitzen baituzu. Hala, harremanei eta osasunari zuzenean eragiten dio presioak.
Gonzalez. Belaunaldi galdua gara. Formakuntza hoberena jaso dugu, baina langabezi tasarik altuena daukagu egungo gazteek. Egoera horrek arazo ako sortzen ditu egunerokotasunean.