Kontzertuetako bat
Bermeoko Jose Antonio Egia musika eskolak ikasleen ganbera kontzertuak eskaini ditu martxoaren 25ean, 26an eta 27an, eta emanaldi guztiak arrakastatsuak izan dira, hiru egun horietan bete egin baita audizio gela. Gainera, musika eskolak berak nabarmendu duenez, maila oso onekoak izan dira kontzertuak.
Lau izan dira musika eskolako ikasleen eskutik ikusi eta entzun ahal izan diren saioak, eta, gazte zein heldu, denetara 95 ikaslek parte hartu dute horietan. Musika eskolak esan duenez, “bikote, hirukote, laukote eta taldean prestatutako errepertorioak” aurkeztu dituzte ikasleek. “Horrez gain, taldeak entzuteko aukera ere egon da: haize taldea; konboak; soka taldea; txelo taldea; triki-pandero, akordeoi eta gitarra taldea…”. Bataz beste, kontzertu bakoitzak ordubete inguruko iraupena eduki du.
Apirilean beste bi
Apirilean ere ganbera kontzertuak joko dituzte, baina, kasu horretan, Santa Eufemia elizan. Etzi, esaterako,
Soka Country kontzertua joko dute Jose Antonio Egia musika eskolako ikasleek. Bibolina, biola, txeloa, gitarra eta banjoa erabilita, country doinuak taularatuko dituzte. 19:30ean hasiko dute kontzertua, eta Zornotzako musika eskolako ikasleek ere parte hartuko dute.
Apirilaren 3an, bestalde,
Laranja zaporeko kantuak izeneko saioa eskainiko dute musika eskolako koruek. Hain zuzen, Koru Txikiak, Ganbera Koruak eta Erroxape Abesbatzak parte hartuko dute. Talde bakoitzak laupabost kantu abestuko ditu, eta amaieran koru guztiek abestuko dute elkarregaz.