Bermeoko zinemara merkeago joateko aukera dute herritarrek, Bizkaiko kultur txartelagaz
28 euro ordainduta, 40 euroko gastua egin ahal izango dute bermeotarrek Bizkaiko B motako txartela erosita. Bermeoko kasuan, esaterako, B motako kultur txartel hori hiru motatako bonoen ordez aldatu ahal izango dela jakinarazi du udalak. Alegia, nagusien bonoa (zortzi pelikula ikusteko balio duena), umeen bonoa (hamar pelikula ikusteko) edota familiako bonoa (nagusientzako lau pelikula eta umeentzako bost pelikula ikusteko balioko duena) eskuratu ahalko du herritarrak Bizkaiko txartel horregaz.
Hartara, nagusien zinema sarrerarengatik 3,50 euro ordaindu beharko du bermeotarrak, eta umeen sarrerarengatik, berriz, 2,80 euro. Bizkaiko txartel hori eduki ezean, nagusiek 5,20 euro ordaindu behar izaten dute sarrerako –astelehenetan izan ezik, orduan, 4,20 euro ordaintzen baitute–, eta umeek, aldiz, 4,20 euro. Hori dela eta, udalak dio “txartela erabilita aurrezpen handia egingo duela herritarrak”.
Gaur jarri dute salgai Bizkaiko Kultur Txartela, eta ekainaren 27ra arte izango du interesa duenak hori erosteko aukera Kutxabankeko orotarako kutxazainetan edozein txartelekin. Epe bera mantenduko dute Bermeoko zinerako bonoak eskuratu ahal izateko. Horretarako, Nestor Basterretxea aretoko lehiatilara jo beharko dute. Azaldu dutenez, bono horiek abenduaren 31ra arteko pelikulak ikusteko erabili ahal izango dituzte.
Informazio gehiago nahi duenak zineko lehiatilan edota udaleko kultura sailean eskuratu ahal izango du.