Bizkaiko kontserba enpresetako beharginak “oso egoera txarrean” daude eta egoera hori salatzeko eta herrialdeko hitzarmenaren alde egiteko, lanuzteak deitu ditu LAB sindikatuak gaurko. Bermeon kokatuta dagoen Salica enpresan, esaterako, ordu erdiko lanuztea egin dute gaur goizean produkzioko beharginek. Ia produkzioa osoa atera da kalera. Aintzane Larrabaster Salicako langileen ordezkariak azaldu duenez, gaur egun, gaixotuz gero, ezin dute bajarik hartu, lehenengo hiru egunetan ez dutelako ezer kobratzen. Gainera, dioenez, “ez da behar erraza” egiten dutena: “zarata asko daukagu, hotz asko, lan gogorra da…; beraz, erraza da bajak egotea”. Halaber, langileen batazbesteko adina 47 urtekoa dela gaineratu du.
Gaur goizean Salica enpresako beharginek egindako lanuztea
Langileek diotenez, “geroz eta gauza gutxiago” eskatzen dituzte, eta, bitartean patronalak “geroz eta gauza gutxiago ematen du”. Patronalak estatu mailako hitzarmena ezarri gura duela argi dute langileek, eta, gainera, horien arabera, “egoera txarrenean daudenentzako baino ez” du gura hori. Horren aurrean, herrialdeko hitzarmenaren aldeko aldarria egiten dute langileek; orain, langileen ustez, patronala beharginekin berba egiteko eseri behar da. Bestalde, “Patronalak dio Bizkaiko hitzarmena gura duela, beraz, ez dakit non dagoen arazoa, gure gauza bera gura badute. Aitzakiak eta arazoak jartzen dizkigute, eta bitartean denborak aurrera darrai”, kritikatu dute.
Apirilean jarraituko dute lanuzteekin; hain zuzen, apirilaren 4an eta 11n ditu deituak LAB sindikatuak gainontzeko lanuzteak: egun bietan, 11:30etik 12:30era, enpresa bakoitzeko langileek ezartzen dutelarik horren iraupena.