Campos markak babestuko du aurten Urdaibai Kopa, eta domeka honetan emango diote hasiera, Ereñoko lasterketarekin. Arita Berri jatetxetik aterako dira korrikalariak, 09:30ean. Mendi martxa luzekoak ere leku beretik aterako dira, 08:30ean, eta martxa laburra egiteko Elexalden batuko dira, 10:00etan.
Ereñokoaz gain, Campos Urdaibai Koparako puntuagarriak izango dira Arratzuko Gau Trail-a, Gernika-Lumoko II. Mendi Jaia, Ariatzako mendi lasterketa eta Forutik Forura mendi martxa. Beraz, bost izango dira aurten Koparako puntuagarriak izango diren lasterketak. Domeka honetan jokatuko da lehenengoa, Ereñon; eta irailean azkena, Foruan. Campos Urbaibai Kopan parte hartu gura dutenek, bost proba horietatik lau egin beharko dituzte derrigorrez. «Zeintzuk egin norberak aukeratuko du», Arrolape Elkarteko Oskar Moralesek azaldu duenez.
Bost proba horietan berria da Arratzukoa. «Arratzu Urdaibai Mendi lasterketa desagertu egin da, eta horren ordez antolatu dugu Gau Trail-a».
Gernika-Lumoko II. Mendi Jaia ere berezia izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Ibilaldi kulturalaren barruan egingo dute, eta inskripzioen zati bat Seber Altube ikastolari emango diote. Egun osoko jaia izango maiatzaren 18koa: musika, trikitilariak, txosnak, umeentzako puzgarriak… Eta, zelan ez, kirola. Aurten ere modalitate ezberdinak batu gura dituzte Arrolape Mendi taldekoek: BTT, mendi martxa, mendi lasterketa, umeentzako martxa txikia… Inskripzioa ordaintzen duenak, gainera, lasterketa egin ostean pasta jateko aukera izango duela aurreratu dute antolatzaileek. Egun horretan, gainera, hainbat sorpresa izango direla esan du Arrolape taldeko Oskar Moralesek, «baina oraindik ezin dugu ezer gehiagorik esan. Hori bai, ikastolak berak ere sorpresaren bat edo beste prestatuko du egun horretarako».