Pasabide berria
Iaz Gernika-Lumo eta Kortezubi artean oinezkoentzako ibilbide bat atondu eta itsasadarraren bi ertzetako bideak egokitu ostean, Okaren bi ibaiertzak lotzen dituen pasabidea zabaldu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Foruko Atxaga auzoa eta Kortezubiko Enderika lotzen dituen oinezkoentzako azpiegitura horrek “bizilagunen mugikortasuna eta herrien arteko konektagarritasuna” errazten dituela esan du Ingurumen eta Lurralde Politiketako sailburu Ana Oregik. “Okaren goi estuarioaren ingurumen-ezaugarriak leheneratzeko bidean urrats berri bat da”.
Atzo aurkeztu zuen Ingurumen sailburuak pasabidea, eta harekin batera Jose Antonio Galera, Amaia Barredo Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria, Javier Agirre Ihobeko zuzendari nagusia, Uraren Euskal Agentziako (URA) Maria Uribe eta eskualdeko zenbait alkate eta hautetsi izan ziren atzo Gernika-Lumoko Udetxea jauregian egindako aurkezpenean. Azaldu zutenez, 1910eko hamarkadan goi estuarioa bideratzeko hegotik iparrera doan ubidea egin zutenetik, ibaiaren bi aldeek ez dute oinezkoentzako konexiorik eduki. Hortaz, pasabide berriari esker, oinezkoek eta txirrindulariek Okaren alde batetik bestera joateko aukera izango dute aurrerantzean.
Baina mugikortasuna erraztea ez da asmo bakarra, kontserbazioa eta garapena ere badauzka-eta xede. Oregiren hitzetan, “estuarioko eremu horren ingurumen ezaugarriak leheneratzea eta klima aldaketak eragindako itsas mailaren gorakadari aurre egitea” ere badira helburuak.
Hori horrela, seinaleak eta panelak jarri dituzte inguruan, bisitariak aparteko ingurumen balioa daukan lekura hurreratzeko, eta, gainera, pasabideak “interes kultural eta natural handiko hainbat ibilbide egitea ahalbidetuko du”. Oregiren arabera, “naturaren kontserbazioa eta erabilera publikoa uztartu ditu pasalekuak”, eta, horretarako, “jasangarritasunaren inguruko heziketa, mugikortasun iraunkorra eta Urdaibairen garapen ekonomikoa sustatu” nahi ditu Jaurlaritzak, ekoturismoaren bidez. “Esparru horri eta azken urteotan egindako bide-sareari esker, bermatu egingo da Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bihotzeko balio naturaletara eta kulturaletara iritsi ahal izatea”.
28 metro daude ertz bien artean, eta “
Corten altzairuzko egitura fin eta lirainez” diseinatu dituzte pasalekua bera eta haren arrapalak, “ubide zaharraren ikuspegi linealari oztoporik eragin barik”. Zubiaren azpian uhalde-enarentzako sei habia jarri dituzte.
Jarduera ugari, bost herritan
Bestalde, Oka itsasadarreko goi estuarioaren dibulgazioaren astearen berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Izenburu horregaz, egitarau zabala antolatu du apirilaren 2tik 6ra bitartean, goi estuarioaren inguruko herrietan. Zehazki, proiektuari eta faunari, florari, estuarioko historia geologikoari eta ondare kulturalari buruzko hitzaldiak prestatu ditu, eta hori guztia estuarioan barrena egingo dituzten bisita gidatuekin osatuko du.
Hala, Gernika-Lumon, Kortezubin, Foruan, Muruetan eta Gautegiz Arteagan izango dira datorren asteko jarduerak. Apirilaren 5erako eta 6rako, gainera, umeentzako puzgarriak eta jolasak ere antolatu dituzte. Foruan eta Kortezubin izango dira, hurrenez hurren.
Dokumentua: