Arrosa Irrati Sareak Euskal Herrian bada zer entzun jardunaldiak egingo ditu Gernika-Lumon, zapatuan. Jakinarazi dutenez, Gernika-Lumo aukeratu dute, Astran irrati libre bat sortzeko asmoa agertu dutelako. Diotenez, «jardunaldiak bertoko herrian egitea Astrako irratiaren proiektua egi bihurtzeko azken bultzada izan daiteke».
Arrosa Sarearen ustez, «oso pozgarria da, tokiko euskal komunikabideen esparrua handitzen ari dela sentitzea». Hala, «ametsetatik errealitatera» salto egitera animatu dituzte irratiak sortzen ari diren herritarrak. Izan ere, hainbat egitasmo berri ari dira jaiotzen azkenaldian. Jardunaldien egitarauari dagokionez, irratigintzagaz lotutako kontu praktikoei buruzko tailerrak emango dituzte. Besteak beste, erredakzio tailerra, irrati bat hutsetik zelan sortu, estudioko mahaiaren erabilera, sare sozialak, eta ahozkotasuna izango dituzte berbagai parte hartzen dutenek.
Arratsalderako, bestalde, mahainguru bat antolatu dute Arrosa Irrati Sarekoek. Egungo irratien egoerari buruzko hausnarketa egingo dute, eta etorkizuneko erronka berriei nola aurre egin eztabaidatuko dute bildutakoek.
Eguna jai giroan amaitzeko, Nunguayazz taldeak joko du, eta ostean, irrati desberdinetako kideek musika jarriko dute. Jardunaldiak irratien mundua ezagutu nahi duten guztiei daude zabalik.Hala, parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek.
Euskal Herrian bada zer entzun jardunaldien egitaraua
- 10:00etatik 11:30era (talerrak). Erredakzio tailerra: nola idatzi irratian hitz egiteko; Nola sortu irrati bat hutsetik; Kaletik uhinetara: kaletik zuzeneko emisioak nola egin; Estudioko mahaiaren erabilera; Sare sozialak irratigintzan; RasFMaurkezpena: irrati automatizazio eta federazio proiektuaren aurkezpena.
- 12:00etatik 13:30era (tailerrak). Euskarak badu generorik?: Hizkuntzaren laguntzagaz sexismoa gainditzen; Automatizazio programak; Audio editatzea: kuña bat nola egin; Ahozkotasuna irratigintzan: mikrofono aurrean nola hitz egin; Intraneta: barne komunikazioa errazteko aukerak; RasFMaurkezpena.
- 18:00etan (Mahaingurua). Euskal Herriko komunikabideak erronka berrien aurrean. Hizlariak: Soledad Galeano (AMARC), Iraitz Salegi (Topatu.info), Josu Amezaga (EHUko irakaslea), Urko Aristi (Tokikom) eta Aitor Aspuru (Aiaraldea.com). Irratien egungo egoeraz, eta etorkizunean eman beharreko pausoetaz ariko dira.
- 22:00etan (Musika jaialdia). Nonguayazz funky taldea. Ostean, irratsaio desberdinetako disko jartzaileak.