
Joan den domekan, elkartasun bertsoek Jai Alai hartu zuten .
Etxean nahi ditugu! lemapean euskal presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko doinuak eta errimak nagusitu ziren Gernika-Lumoko pilotalekuan, Etxeratek antolatuta. Hala, kartzeletan edo atzerrian dauden euskal herritarrei zein horien senideei babesa agertu zieten bildutakoek.
Euskal presoen eta horien senideen aldeko bertso saioak hainbat zale batu zituen, baina antolatzaileek “nahi baino gutxiago”. Jakinarazi dutenez, “leku huts batzuk ikusi zitezkeen”. Hala, datozeen urteetan arazo hori konpontzeko ahalegina egingo du Etxeratek. Izan ere, “ikusle kopuruak hazten jarraituz gero, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko jarrerak ere hazten jarraitzen duela esan nahiko luke”.
Zale kopurua alde batera utzita, “bertso saio on bategaz gozatzeko aukera” izan zuten Jai Alain bildutakoek, antolatzaileen berbetan. Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue, Miren Amuriza, Unai Iturriaga, Fredi Paia, Onintza Enbeita, Oihana Bartra eta Arkaitz Estiballes bertsolariek maila ederra eman zuten, eta zaleek txalo zaparra ozenekin eskertu zuten horien lana.
Distantziaren ideia, esaterako, oso presente izan zen bertso saioan. Hala, euskal presoak eta iheslariak etxetik ehunka kilometrotara sakabanatuta daudela salatu zuten bertsolariek.