
Kontzertuetako bat
Gernikako Lekuek musika jaialdiko antolatzaileak elkarlanaren fruitu gozoak batzen eta dastatzen ari dira egunotan. Joan den asteburuan amaitutzat eman zuten musika jaialdia, eta oso arrakastatsua izan dela deritzote. Hala, pozarren daudela diote, helburu nagusiak bete baitituzte.
Hilaren 9an eman zioten hasiera jaialdiari, eta astebeteko egitarauaren barruan 30 talde eta bakarlari inguruk jo zuten Gernika-Lumon. Hala, Busturialdeko herria musikazaleen erreferente bihurtu zen astebetez. Ariane Ensunza antolatzaileetako batek azaldu duenez, “oso zaila da kontaketa zehatza egitea, baina 3.500 lagun inguru batu ditugula uste dugu”. Hortaz, Gernikako Lekuek jaialdiak harrera ikaragarri ona izan duela dio.
Bestalde, Igor Erzillak gaineratu du kontzertu askotan sarrerak agortu egin zirela. Hala, Astra, Trinkete, Iparragirre Rock Elkartea, Lizeo Antzokia, Fiakun lokala eta herriko tabernak jendez gainezka egon ziren. Hori dela eta, jaialdiak musikazaleen interesa piztu zuela deritzo. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, baina, lagun kopurua ez da jaialdiak utzi duen albiste positibo bakarra. Izan ere, “pozteko arrazoi asko” dituztela deritzote.

Umeentzako tailerra
Jaialdiaren helburu nagusia herriari bizitasuna ematea zen, eta antolatzaileen ustez, soberan bete dute. Erzillaren berbetan, “era askotako jarduerak antolatu ditugu, eta herritar guztiek izan dute gozatzeko aukera”. Hala, alde horretatik ere pozarren daude antolatzaileak.
Malcome Holcombe estatubatuarrak, Dead Broncok, Mobydick-ek, Marlangok, Estricallak, Garik, Audiencek, El_Txef_Ak, Ruper Ordorikak, Esne Beltzak eta Atom Rhumbak jo dute, besteak beste, bertoko agertokietan, baina zuzenekoak ez dira izan musikaz gozatzeko aukera bakarrak.
Antolatzaileek gogoratu dutenez, “musika oinarritzat hartuz, musikatik harago dagoen hori ere” ekarri dute Gernika-Lumora. Hala, tailerrak, hitzaldiak, ikusentzunezko emanaldiak, binilo azoka eta kale ikuskizuna ere antolatu zituzten, musikak gainontzeko esparruetan daukan eragina bistaratzeko. Jarduera horietan ere parte hartzea oso handia izan zela nabarmendu dute.
Antolatzaileez gain, musika zaleek eta musikariek ere jaialdi arrakastatsua izan dela deritzote. Erzillak dioenez, “zaleen ahotan ibili zen musika jaialdia, eta proiektu interesgarria dela zioten”. Musika taldeak, bestalde, “aho zabalik” geratu ziren. “Aldez aurretik ere jaialdi desberdin bezain ederra zela esan zuten, eta kontzertua jo ostean baieztatu egin zuten”. Erzillaren berbetan, “besoak zabalik hartu genituen, eta zaleek primeran erantzun zuten”. Hala, taldeek esker oneko berbak baino ez dituzte izan.
Aurrera begira

Binilo azoka
Gernikako Lekuek jaialdiko antolatzaileak etokizunari begira daude dagoeneko. Azaldu dutenez, gogorra izan da guztia antolatzea, baina “errepikatzeko gogoz” daude. Ensunzak argitu duenez, “lan asko egin behar izan dugu, baina, aldi berean, asko gozatu dugu”.
Jaialdia arrakastatsua izan arren, hala ere, zenbait gabezia konpondu behar dituztela aitortu dute. Izan ere, lehen aldian guztia ondo ateratzea ia ezinezkoa dela deritzote.
Erzillaren berbetan, musika zaleen artean Lekuek erreferente bihurtzea zen helburuetako bat; eta, elkarlanari esker, lortuko dutela uste du. Ensunzak dioenez, elkarlanaren fruitua izan da jaialdia. Hala, herriko aretoen arteko harreman horiek zaintzea ezinbestekoa dela deritzo, Gernikako Lekuek jarraipena izan dezan. Auzolanean gauza ikaragarri ederrak egin daitezkeela dio, eta norabide hori jarraituko dutela.