
Lea-Artibaiko ikasleen protesta, joan den asteburuan
Bizkaiko ikasleen mugimenduak grebarako deia egin du hilaren 27rako, eta Busturialdeko gazteek ere Bizkaiko Ikasle Eztandagaz bat egin dute. Beste hainbat eskualdetan gertatu bezala, ikasleen haserrea kalera atera nahi dute berton ere. Hala, zenbait ekintza antolatu dituzte eskualdeko ikasleek, gaur egungo hezkuntza eredua salatzeko.
Hain zuzen, Gernika-Lumon batuko dira Busturialdeko ikasleak.
Hezkuntza herritik eta herriarentzat lemapean, aldarrikapen giroa nagusituko da, jai giroa alboratu barik.
Protesta eguna 12:30ean hasiko da triki-poteo bategaz. 14:30ean, bestalde, bertso bazkaria egingo dute bertoko gazteek. Asier Galarza, Koldo Gezuraga eta Mikel Retolaza ariko dira bertsotan. Gernika-Lumoko institutuko ikasle gelan eta Astran jarri dituzte salgai txartelak. Amaitzeko, 18:00etan manifestazioa egingo dute Busturialdeko ikasleek, Merkurion hasita.
Bizkaiko Ikasle Eztandaren manifestuak dioenez, gaur egungo hezkuntza eredua “kapitalismoaren pieza bat gehiago” da. Ikasleen ustez, “eredu atzerakoaia, patriarkala, eta inposatzailea da ikasketa zentroetakoa”. Hala, ikasleen gainbehera ekarri duen ereduaren kontra azaltzeko deia egin dute.
Ikasleek bizi duten egoera txarra dela deritzote mugimendukokideek, baina zapalkuntza hareagotu egingo dela gogorarazi dute. “LOMCE edo Estrategia Universidad 2015 bezalako erreformak erabilita, zapalkuntza muturrera eramango du Espainiako gobernuak”.
Hilaren 27an manifestazioa Bilbon
Hilaren 27an, Bilbora Bizkaiko Ikasle Eztanda hilaren 27an helduko da puntu gorenera. Egun horretarako, manifestazioa antolatu du ikasle mugimenduak, Bilbon. Bizkaiko ikasle protesta handiena egite aldera, parte hartzeko deia egin diete gazte, heldu eta adinekoei.