
Ertzain bat. Argazkia: CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Eusko Jaurlaritza/Mikel Arrazola
Azken hileetan Gipuzkoako eta Bizkaiko etxebizitzetan egindako lapurreten kopuruak gora egin duela esan du poliziak, eta horietan erabilitako amarruaz ohartarazi. Hain zuzen, goiko solairuetan obraren bat egiten ari diren aitzakiagaz, etxeetara sartzea lortzen dute, jabea engainatuz.
Euren burua behargin gisa aurkezten dute lapurrek, eta jabeari esaten diote egiaztatu gura dutela euren etxeetan kalterik eragin duten. Horretarako edozein aitzakia darabilte: hodiak egiaztatu behar dituztela ur-ihesak daudelako, hezetasuna edo itoginak agertu diren jakin nahi dutela… Jabeak etxean sartzen uztean, bietako batek entretenitu egiten du jabea, besteak ostu egiten duen bitartean.
Bermeon eta Gernika-Lumon ez ezik, Orion eta Zestoan ere erabili dute amarru bera. Ertzaintzak zehaztu du lapurrak gizonezko bi direla, eta ez du baztertzen beste herri batzuetan ere lapurtu izana.
Delitu horren susmoa hartuz gero, Ertzaintzari edo Udaltzaingoari deitzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.