Busturialdeak aurrera darrai Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketan
Bertsolari Gazteen XXII. BBK Sariketak bidea egiten jarraitu du gaur, hirugarren eta azken kanporaketagaz. Sariketak berak legez, Busturialdeko taldeak ere aurrera egingo du, Ipar-Uribeko taldea mendean hartzea lortu baitu Algortan jokatutako saio horretan. Hain justu, 402,5 puntu lortu ditu bertoko taldeak, eta 399 besteak. Saioak sailkapen izaerakoak direnez, Ipar-Uribe sariketatik kanpo geratu da, eta Busturialdeak, ostera, finalaurrekoetan egoteko txartela eskuratu du.
Algortako Aixerrota ikastetxean jokatu da kanporaketa, ikaslez betetako aretoan. Maddi Ibaibarriaga izan da aurkezlea, eta Juanjo Respaldizak, Leire Etxebarriak eta Alaitz Etxanobek osatu dute epaimahaia.
Lurdes Ondaro, Eneko Aldana eta Koldo Gezuraga izan dira taula gainera igo diren Busturialdeko 18 urtera arteko bertsolariak, eta Ipar-Uribeko Unai Mendiburu, Aritz Landeta eta Paule Loizaga izan dituzte aurrez aurre. 169,5 puntu eskuratuta, bertokoak nagusitu dira atal horretan, Ipar-Uribek 163 zenbatu baititu.
19 urtetik 24 urtera arteko bertsolariei dadokienez, Koldo Muñiz, Asier Galarza eta Mikel Retolaza izan dira Busturialdeko ordezkariak, eta Inazio Vidal, Peio Arondo eta Imanol Uria aurkariak. Kasu horretan, Ipar-Uribeko taldea nagusitu da, 236 puntugaz eta Busturialdeak baino hiru gehiagogaz. Talde bien emaitzak batuta, alabaina, 402,5 puntu zenbatu ditu Busturialdeak, eta 399 Ipar-Uribek. Finalaurrekoetan sartuta, Busturialdeak Arratia izango du aurrez aurre hilaren 25ean, 11:30ean, Igorreko Lasarte aretoan. Finalaurrekoak jokatuta, martxoaren 28an jokatuko da finala, 19:00etan, Bilboko Kafe Antzokian.
