
Iazko Gernika Sarien momentu bat
Bakearen eta Elkarbizitzaren aldeko Gernika Sarietako epaimahaiak erabaki du Manu Leginetxe kazetari arratzuarra eta John Wyne RAFeko pilotu izandakoa omenduko dituztela aurten. Hain zuzen, apirilaren 26ko urteroko ekitaldian banatuko ditu sariak Gernika-Lumoko Udalak.
Leginetxe urtarrilaren 22an hil zen, baina kazetariaren jarduna saritu nahi izan dute gernikarrek. Hain zuzen, haren “zintzotasunagatik, duintasunagatik eta askatasunagatik” sarituko dute bertoko herritarra.
Epaimahaiko kideek jakinarazi dutenez, potentzia handiekin eta botere guneekin mesfidati jokatu behar zela uste zuen arratzuarrak, eta haren lan ibilbidean hala jokatu zuen. Irakurleekin garbi jokatu behar zela zeritzon, giza eskubideen urraketa guztiak salatuz.
Nazioarteko Gernika Saria, bestalde, John Wynne RAFeko (Erresuma Batua) pilotu ohiarentzat izango da. 1945ean Alemanian eraso bat jasan zuen bere hegazkinean zihoala, baina Ingalaterrara heltzea lortu zuen. Epaimahaiak nabarmendu du II. Mundu Gerraren ostean, Llanbedr (Gales) eta Huchenfeld Alemania) herrien arteko laguntasuna bultzatu zuela.