Bermeotarrek euskara zenbat maite duten ezagutzeko galdetegia kaleratuko dute
Aurreko urtean legez, Geurien be bai egitasmoaren baitan kaleratu du Benetan maite nauzu? galdetegia Bermeoko Udalak herriko guraso-elkarteetako kideekin eta Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean.
Euskaldunek euskara erabiltzeko topatzen dituzten traba eta zailtasunei aurre egiteko lanketa bat egin zuten guraso elkarteko kideek; izan ere, horien ustez, “batzuetan, lotsagatik, edukazio falta dela pentsatzeagatik, erosotasunagatik edo beste arrazoiren bategatuk hizkuntza aldatzen dugu zenbait egoeren aurrean”.
Hala, norberak egoera jakinen aurrean duen hizkuntza-jokabidearen inguruan hausnartzea da galdetegiaren helburua, “baita egoera horietan umorez jokatzen ikastea ere”.
Guztira, 10 galderari erantzun behar zaio galdetegian, eta erantzun horien bidez jakin daiteke euskara zenbat maite duen herritarrak. Galdetegi horiek datozen asteetan banatuko dituzte guraso-elkarteko kideek lagunen, senideen, bizilagunen, lankideen, maitaleen eta gainontzeko herritarren artean.