2013ko apirilaren 11ko sutean kaltetutakoak lagundu nahi ditu Bermeo Suten 2013 elkarteak; horretarako, ezbeharraren urteurrenean, ekitaldi solidaria egingo du. Apirilaren 11n, beraz, zozketa bat egingo du Bermeoko Kafe Antzokian 20:00etan, sutean kaltetutakoei eraikinak berreraikitzen laguntzeko. Hain zuzen, Barrueta Arte Elkarteak eta Euskal Akuarelarien elkarteak dohainik emandako artelanak zozkatuko dituzte bertan.

Irailean egin zuten artelanen erakusketa solidarioa
Joan den irailean egindako erakusketa solidarioan salgai egon ziren artelanak dira horiek; egun, Euskaltelek Zamudioko Parke Teknologikoan duen eraikinean ikusgai dituenak, hain zuzen ere. Dagoeneko parte har daiteke zozketan; euro bateko dohaintza eginda, herriko hainbat lekutan eskuratu ditzake herritarrak zozketan parte hartzeko tiketak.
Barrueta Arte Elkarteak eta Euskal Akuarelarien elkarteak emandako laguntza eta euren “lan zoragarrien dohaintza bihotz bihotzez” eskertu du Bermeo Suten 2013 elkarteak. Era berean, Berton elkartearen eta Llona inprentaren laguntza ere eskertu ditu.
Hala, datorren apirilaren 11n egingo duten ekitaldi berezian parte hartzera deitu ditu herritarrak Bermeo Suten 2013 elkarteak. Era berean, informazio gehiagorako elkarteko kide Arantza Pérez Basterretxearen (946885615) telefonoa jarri dute eskuragai.