
Virginia Imaz, ‘Sex o no sex’-en
Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna igaro den arren, martxoaren 8agaz lotutako ikuskizuna dakarte bihar Gernika-Lumoko Bake-Leku Txokoak eta kultur etxeak. Hain zuzen, Virginia Imaz clown ezaguna ikusteko aukera egongo da Elai-Alai aretoan,
Sex o no sex ikuskizunagaz.
Rikardo Abaunza kultur etxeko zuzendariak azaldu duenez, Oihulari Clown taldeko kideak genero ikuspegiaren ikuspuntutik jorratu ohi ditu bere ikuskizunak, eta
Sex o no sex ere horren adibide da. Hala, gaurko ikuskizunean ere hainbat gai aurkeztuko ditu Virginia Imazek, “umorez eta samurtasunez, eta oraingoan ere clown jokoaren bitartez”. Besteak beste, hilerokoaz, poluzioaz, norberaren gorputzarekiko harreman konplexuaz, lehenengo musuaz, koitoaz, erditzeaz, menopausiaz eta errurik gabeko plazerraren betiereko kezkaz ariko da Imaz.
Pauxa da ikuskizunaren protagonista, bizitzari, heriotzari eta sexuari buruz hausnartzen duen pailazoa. “Publikoa bere hausnarketa zoroen konplize eta lekuko bihurtuta, sexu-gaietan izandako hastapenak partekatuko ditu, eta giza harremanei eta lotura osasungarriak kudeatzeko zailtasunari buruzko kezkak aitortuko ditu”.
20:00etan hasiko da Oihulari Clown taldeko kidearen monologoa, Elai-Alai aretoan, eta sarrera doakoa da.