
Busturialdeko Ur Partzuergoko gaiei buruz EAJk erakutsitako “jokaera oztopatzailea” salatu dute eskualdeko EH Bilduko hautetsiek. Hain zuzen, EAJren jarrera ulergaitzaren harira, zenbait azalpen eman ditu koalizioak. Mikel Ander Zubizarretak esan duenez, “partzuergoan egin zuten kudeaketa penagarria izan zela jakin badakiten arren, jeltzaleak gaur egungo zuzendaritzak ezarritako eredu bideragarria oztopatzen ari dira”.
Alde batetik, azken hilabeteetan EAJko zenbait alkatek eta Bizkaiko Foru Aldundiko zein Eusko Jaurlaritzako ordezkariek egindako adierazpenak kritikatu ditu EH Bilduk. Gezurretan eta informazioa manipulatzen ari direla deritzo koalizioak.
Bestalde, “panfletoak” albo batera uzteko eskatu du EH Bilduk. Busturialdeko jeltzaleek eskuorri bat banatu zuten bertoko etxebizitzetan, zenbait salaketa eginez. Zubizarretaren berbetan, “eskuorri hori ez da egian oinarritzen”. Hala, gaia “seriotasunez eta heldutasunez” eztabaidatzeko deia egin du EH Bilduk.
Alde horretatik, koalizioak gonbite zuzena egin dio EAJri: “gaia publikoki eztabaidatzeko deia egiten diogu; mahainguru baten, irratian, telebistan, edo jeltzaleek nahi duten beste formatu baten”.
Ur partzuergoak egindako norabide aldaketa nabarmena dela deritzo EH Bilduk, baina “argi geratu da aldaketa mesedegarria dela, eta bestelako kudeaketa eredu bat posible dela”. Hala, Busturialdeko jeltzaleek erakutsitako jarrera ulertezina dela dio. “Argi dugu bertoko ura berton kudeatu behar dela, baina EAJk ez antza”. Izan ere, Aldundiak eta Jaurlaritzak aurrekontu errealista eta bideragarri baten kontra bozkatu zutela gogoratu du koalizioak.
Azaldu duenez, bi urte pasa dira EH Bilduk ur partzuergoko gidaritza hartu zuenetik; eta, ordutik, hobekuntza nabarmena jasan du eskualdeko erakunde publikoak. Uraren zikolaren kudeaketa integralean, zein herritarrekiko zerbitzuetan aurrerapauso handia eman dutela deritzo koalizioak.
Horregatik, norabide berdinean lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute EH Bildukoek. Partzuergoak etorkizuna daukala dio, eta erakundearen bideragarritasunean sinisten dutela baieztatu du.
Publikotasunaren aldeko apustua “arrakastatsua” izaten ari da. Hala, herritarrei zerbitzu hobea eskaintze aldera, lanpostu publikoak sortu dituzte, kontrol publikoa indartuz. “Kalitatezko eredu publikoaren alde eginez”, pribatizazioagaz amaitu nahi du EH Bilduk, dirua “poltsiko jakin batzuetara” joan ez dadin. Eredu publikoagaz, bestalde, etekinak gizartera bueltatuko liratekela deritzote koalizioko kideek.