
Gernika-Lumoko Bake Epaitegiko beharginek protesta egin dute erregistro zibilaren pribatizazioaren kontra. Momentu honetan, erregistro zibilen zerbitzua dago kinka larrian; baina, langileen ustez, “hau hasiera baino ez da”. Diotenez, Alberto Ruiz Gallardonek inposatu nahi duen erreformak justiziaren arlo guztiei eragingo die. Hala, kalera ateratzea eta arazoaren berri ematea ezinbestekotzat jo dute. Gernika-Lumoko epaitegiaren aurrean 40 lagun inguruk egin dute protesta.
Ministroen Kontseiluak otsailean onartu behar zuen erregistro zibilaren pribatizazioa, baina erabakia atzeratu dute, berriro ere. Beharginek jakinarazi dutenez, edozein momentutan onartu dezakete, baina uztaila baino lehenago izan behar du. Bestela, ezinezkoa izango litzateke erreforma indarrean sartzea.
Epaitegietako langileak ez dira batere baikorrak. Hala, protesta egiten jarraituko dutela esan dute. Azaldu dutenez, “erreforma indarrean sar ez dezaten lortu behar dugu, erreforma herritar guztien kaleterako baita”. Gallardonen asmo bakarra, bestalde, justizia arlo guztiak pribatizatzea dela deritzote.

Eusko Jaurlaritzari ere gehiago inplikatu dadin eskatu dute beharginek. Erreformak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 300 langile ingururi eragingo diela gogoratu dute. Hala, lanpostu publikoak defendatu ditzan exijitu diote.
Beharginen ustez, Eusko Jaurlaritzak erreformaren alde edo kontra dagoen argitu behar du. “Duela gutxi eusko legebiltzarrak emendakin bat onartu zuen gaiari buruz. Bertan erregistro zibila dagoen moduan manten dezaten eskatu zuen legebiltzarrak, eta orain Jaurlaritzaren teilatuan dago pilota”. Hori dela eta, azalpenak emateko eskatu diote.