Herritarren laneratze prozesua errazte aldera, enplegu eta trebakuntza politika aktiboak garatzea eta sustatzea helburu duen Behargintzan 52 lan eskaintza kudeatu zituzten iaz. Horrez gain, 21 lanpostu eta 34 enpresa barri sortzen lagundu zuen Behargintzak. Zentro horrek jakinarazitako datuen arabera, iaz 720 pertsonek jo zuten bertara, eta, gainera, 845 pertsonek zentroak eskainitako orientazio zerbitzutan parte hartu zuten.

Bermeoaldeko Behargintza zentroa
Formakuntza zerbitzua ere eskaintzen du Behargintzak, eta hainbat dira, ganera, berau erabiltzen dutenak: iaz, esaterako, 645 informazio eskabide kudeatu zituzten; besteak beste, langabetuei zein lanean dabiltzanei zuzendutako ikastaroei, lan esperientziari zuzendutako ikastaroei, profesional txartelari, DBHren tituluari, eta Goi eta Erdi mailako Heziketa zikloei buruzko informazioa eskuratu ahal izan dute bertaratutakoek. Hainbat izan dira baita Behargintzak antolatutako ikastaroetan parte hartu dutenak: 123 lagun, hain justu.Beste 98 pertsona, gainera, Lanbidek antolatutako ikastaroetara bideratu dituzte.
Autoenpleguan ere eragin handia izaten du Behargintza, herritar askok beraien ideiak aurkezten baitituzte bertan. Iaz, esaterako, 108 ideia barri aurkeztu zituzten, eta 128 ekintzailek zentroko aholkularitza zerbitzua erabili zuten. Guztira, 70 proiektu aztertu zituzten Behargintzan eta horietatik 34 enpresa berri sortu ziren. Enpresa horien %76ak Bermeon du egoitza eta gainontzekoak eskualdekoak dira: %32 zerbitzu enpresak eta %32 dendak.
Enpresa txikientzako ikastaro eta tailerrak
Enpresa txikientzako ere badute bere tokia Behargintzan; izan ere, “Behargintzaren asmoa Bermeoaldeko langabezia jaistea eta enpresei lan bitartekaritzako zerbitzua eskaintzea” da. Horregatik, horiei zuzendutako lau ikastaro eta bi tailer antolatu zituzten 2013an. Horietan 46 enpresek parte hartu zuten; 23 merkataritza sektorekoak, 11 ostalaritzakoak eta 12 zerbitzuetakoak. Horrez gain, enpresetako diru laguntzen aholkularitza zerbitzua ere eman du Behargintza zentroak, 17 eskaera tramitatuta.
Azken finean, Bermeoaldeko Behargintzaren beharra enplegu politika aktiboak bideratzean, orientazio zerbitzuaren jarduerak indartzean eta laneratze zailtasun handiagoak dituzten taldeei dagokien arreta berezia eskaintzean datza. Horretarako, enpresen beharrizanak zeintzuk diren kontuan hartzen ditu; betiere, “eskualdeko testuinguru ekonomikoa hobetzeko eta indartzeko”.