Arrate Mardaras idazlea izango da bihar Eako irakurle txokoan
Beste behin ere, Ean eta Bermeon irakurle txokoaren saio barri bat egingo dute, bihar eta hilaren 20an, hurrenez hurren. Ean, Arrate Mardaras idazlearekin solasaldirako tartea izango dute bihar, eta beragaz batera, Pendrive bere liburua izango dute mintzagai herritarrek. Horretarako interesa duenak 19:30ean Eskolondoko Herri Etxera joan beharko du.
Bermeon ere egingo dute irakurle txokoaren saio berri bat; eguenean izango da hori eta kasu horretan, Ramon Saizarbitoriaren Rossettiren obsesioa liburuaz mintzatzeko batuko dira bermeotarrak, 18:30etik 20:30era, udal liburutegian.Parte hartu nahi duenak liburutegian eskatu ahalko du aipatu liburua.
Bermeotik Getariara
Bermeoko irakurle txokoak ekimen berezi bat antolatu du apirilaren 5erako; izan ere, egun horretan, Getariara (Gipuzkoa) joango dira irakurle txokoan parte hartzen dutenak. Bertan, Uxue Alberdi idazlearekin batuko dira eta Euli Giro bere liburuaz aritzeko aukera izango dute.
Bermeoko eta Getariako irakurle txokoko kideek bazkari bat egingo dute egun horretan, eta, ostean, idazlea ezagutzeko aukera izango dute, bere liburuaren inguruan solasaldia egiten duten bitartean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, edozein herritarrek parte hartu ahalko du irteetan; horretarako, baina, izena eman beharko da martxoaren 20a baino lehen Bermeoko Udal Liburutegian.