
Irudian, Gabonetako campusa
Lehenengoz antolatu du Udako Txokoa, eta “Bermeoko umeek udako oporraldiaren hasieran kirolaren bitartez egun polit batzuk igarotzea” da helburua. Kirola sustatzea izanik asmoa, besteak beste, futbola, saskibaloia, eskubaloia, papiroflexia, psikomotrizitatea, dantza, piraguak, eskalada… landuko dituzte izena ematen duten umeek. Kirol jarduera guztietan euskararen erabilera sustatzea eta ingelesa indartzea izango dira asmoak.
Bi txanda izango ditu udalekuak, biak 10 egunekoak. Ekainaren 21ean, 25ean, 26an, 27an, 28an, 30ean eta uztailaren 1ean, 2an, 3an eta 4an izango da lehengo txanda, eta uztailaren 7tik 11ra eta 14tik 18ra bigarrena. Batean zein bestean, 10:00etatik 18:00etara artekoa izango da ordutegia. Bazkaria eta askaria, beraz, Itxasgane futbol zelaiko jatetxean egingo dituzte umeek.
Bestetik, gura duenarentzako udako lanak egiteko errefortzu klaseak emango dituzte, 09:00etatik 10:00etara. Azkenik, txanda bakoitzeko egun batean kanpaldia egingo dute futbol zelaian bertan.
www.bermeofutboltaldea.com webgunearen bidez eman daiteke izena, baina ondorengo telefono hauetara dei daiteke informazio gehiagorako: 680-320 196 (Alberto), 627-184 355 (Jabi), 615-727 904 (Txapor).