Teknologia berriak erabiltzen ikasiko dute autonomo eta negozio txikiek
Horientzako lan saioa egingo dute apirilaren 7an eta 9an Bermeoko KZgunean, 15:00etatik 17:00etara. Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez eta Bermeoaldeko Behargintzaren kolaborazioagaz antolatu duen tailer horretan, 10 langile baino gutxiago duten autonomo eta mikropyme-ak izango dute aukera parte hartzeko. Parte hartu nahi duenak izena eman beharko du apirilaren 2a baino lehen Bermeoaldeko Behargintzan (94 617 91 90 telefonoan edota prospekzioa@bermeo.org helbidean).
Informaziorako eta Komunikaziorako Teknologien probetxua hartzen laguntzea da saio horien helburua, hartara, “lehiakorragoak izan daitezen”. Hainbat izango dira aipatu tailerraren bitartez erakutsiko dituztenak: besteak beste, bezero berriak lortzeko negozioa google maps-en kokatzea, SMS eta mailingak bezeroei bidaltzea eta negozioa dinamizatzea sare sozialetan profil profesional baten bidez.
Bermeoaldeko Behargintzak 2.0 negozio bat izatea nahi duten autonomo eta negozio txikiek tailerrean parte hartzera animatu ditu, “lagungarria” delako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien erabilera “bezero gehiagorengana iristeko, eurekiko harremana hobetzeko, denbora eta kostuak aurrezteko eta eraginkorra izateko”.
Behargintzak gaineratu duenez, “salmentu gehitu egiten dira bezeroak pozago daudelako eta establezimenduaren barneko kudeaketa errazten da, denbora eta kostuak aurreztuz, besteak beste”.